Itxi

Osasuna

HERIOTZA

Patxi Izco Osasunako presidente ohia hil da

EITB MEDIA

2002 eta 2012 bitartean talde gorritxoko arduradun nagusia izandakoa Iruñean zendu da, 77 urte zituela.

  • Patxi Izco

    Patxi Izco. Artxiboko argazkia: EFE

Patxi Izco, Osasunako presidente ohia, ostiral honetan, 2023ko apirilaren 21ean, hil da, Iruñean, 77 urte zituela. Osasunak berak eman du heriotzaren berri bere sare sozialen bidez, eta bere atsekabea azaldu.

Izco 2002 eta 2012. urteen bitartean izan zen talde gorritxoko burua, eta bere agintaldi guztian zehar gizonezkoen lehen taldea Lehen Mailan egon zen. Horrez gain, klubaren historian lehen aldiz, Errege Kopako final batera iritsi zen taldea, 2004-2005 denboraldian, Betisen aurka, eta 2-1 galdu zuen, Vicente Calderonen. Europan ere arrakastaz ibili zen Iruñeko taldea; hala, 2006-2007 denboraldian, UEFAko finalerdietaraino heldu zen, baina Sevillak lehiaketatik kanpo utzi zuen txanda horretan, joaneko partida 1-0 irabazi arren itzulerakoa 2-0 galdu baitzuen. Sevillak bereganatu zuen ekitaldi horretako txapelketa.

2002an irabazi zituen Izcok Osasunako presidente kargurako hauteskundeak, eta ordura arte presidente izan zen Javier Miranda Martinezen lekukoa hartu zuen. Hauteskunde haietan botoen % 76ko babesa eskuratu zuen. Patxi Izcok presidente kargua hartu zuenean, Javier Agirre izan zen lehen taldeko entrenatzailea. Taldea Errege Kopako txapeldunorde izan zen 2005ean, eta urtebete geroago laugarren amaitu zuen Ligan; Txapeldunen Ligarako txartela bereganatu zuen horrela.

2006an berriro hautatu zuten presidente, ez baitzen beste inor aurkeztu kargurako. Agirre entrenatzailea Atletico Madrilera joan zen, eta Jose Angel Zigandak hartu zuen mexikarraren lekukoa; Osasuna UEFA Kopako finalerdietaraino iritsi zen. 2010ean berriro irabazi zituen hauteskundeak, eta 2012an uko egin zion karguari.

Bestalde, 2015ean atxilotu egin zuten, bera klubeko presidente zenean kapitala desbideratu izana egotzita, eta 2021ean 23 hilabete eta 15 eguneko kartzela zigorra ezarri zioten bidegabeko jabetzea eta kontabilitate-faltsutasun jarraitua egotzita; gainera, 1.154.762,84 euro ordaindu behar izan zituen klubaren diru-kutxatik arrazoitu gabe dirua ateratzeagatik.