Osasuna
0-2 Levanteren aurka
Osasunak sendo jarraitzen du Europan
Erredakzioa
Gorritxoek hiru puntuak eskuratu dituzte Levanteren etxean Raul Garciaren eta Ninoren golekin. Dagoeneko 43 puntu ditu Osasunak eta salbazioa ziurtatu du.
-
Osasuna, aurreneko gola ospatzen. Argazkia: EFE
Fitxa teknikoa:
Levante Munua; Juanfran, Cabral, Ballesteros, Javi Venta; Xavi Torres (Ruben Suarez, 65'), Iborra (Farinos, 82'), Barkero, Valdo (El Zhar, 70'), Ghezzal; Kone.
Osasuna: Andres; Bertran (Raitala, 86'), Roversio, Flaño, Damia; Puñal, Loe, Cejudo (Lolo, 63'), Raul Garcia, Nino; Omwu (Lamah, 70').
Golak:
0-1, 16', Raul Garcia.
0-2, 79', Nino.
Osasunak denboraldiko bigarren garaipena lortu du etxetik kanpo Levanteren etxean nagusituta. Raul Garcia eta Nino izan da neurketako golegileak.
Iruñako taldea hamabosgarren minutuan jarri da markagailuan aurretik. Raul Garciak areatik gertu geldirik geratu den baloia baliatu du Munua gainditzeko (0-1). Bi minutu geroago bigarrena sartzeko aukera izan du Ninok.
Erritmo handia zuen partidak. 24. minutuan, Raul Garciaren jaurtiketa ona gelditu du Munuak eta 28.ean etxekoentzat izan da abagunean, baina Valdoren jaurtiketa Cabral taldekideak aldaratu du.
Juan Ignacio Martinezen taldeak berdinketa zuen helburu eta arriskuko jokaldi ugari sortu ditu, baina lehen zatia 0-1 bukatu da.
Bigarren zatian ere erritmo altua ezarri dute Mendilibarren gizonek, baina Levantek lanean jarraitu. Auker argiena, agian, Konerentzat izan da 66. minutuan. Bakarrik geratu da Andrez Fernandezen aurrean eta Osasunako atezaina nagusitu da.
Raul Garciak partida erabakita uzteko aukera izan du 76.ean. Nafarrak ondo errematatu du buruz, baina Munuaren erantzuna bikaina izan da. Minutu bat geroago, 77. ean, ezin izan du Levanteko atezainak Ninoren errematea gelditu eta Osasuna 0-2 jarri da.
Osasunak 43 puntu ditu dagoeneko eta sendo jarraitzen du Europako postuetan. Mendilibarren taldeak lehen mailari eusteko nahikoak diren puntuak eskuratu ditu jada.