Osasuna
Utzita
Juan Villar Rayo Vallecanon arituko da, utzita
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Huelvako aurrelaria duela denboraldi eta erdi iritsi zen Osasunara, eta denboraldi honetan minutu gutxi ari zen jokatzen, Lehen Mailarako igoeran funtsezkoa izan ondoren.
-
Juan Villar, Osasunarekin sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: @Osasuna
Osasunak ofizial egin du ostegun honetan Juan Villar aurrelariak Rayo Vallecanon jokatuko duela denboraldia amaitu arte, utzita. Madrilgo taldeak Lehen Mailara igotzea lortuko balu, jokalaria erosi beharko luke nahitaez, 1.000.000 euroren truke.
Lehen Mailara igo ez, baina play-offak jokatzeko sailkatuko balitz, Rayok 150.000 euro ordaindu beharko lizkioke talde gorritxoari. Kasu horretan, jokalaria Iruñera bueltatuko litzateke, 2021eko ekainaren 30era arteko kontratua baitauka Osasunarekin.
Huelvako aurrelaria duela denboraldi eta erdi inguru iritsi zen Osasunara, eta 42 partida jokatu ditu elastiko goritxoarekin: Lehen Mailan, 10; Bigarren Mailan, 29 eta Errege Kopan, 3. Joan zen ikasturtean, ezinbesteko parte-hartzea izan zuen Lehen Mailara itzultzeko bidean, 12 gol sartuta.
Hala ere, denboraldi honetan minutu gutxiago izan ditu, eta, ondorioz, Iruñean izan ez dituen minutuen bila joan da Madrilera.