Osasuna
Bisita berezia Taxoaren
Azpilicuetak Osasunaren salbazioan sinesten du
Erredakzioa
Chelseako futbolaria, Nafarroako taldeko jokalari ohia, Taxoaren egon da, taldekideei 'animoak emateko' Liga amaierara begira.
Cesar Azpilicuetak, egun Chelseako jokalariak, Osasunako taldekide ohiak bisitatu ditu Taxoaren, Betisen aurkako finala jokatu baino lehen "animoak emateko". Igandean izango da partida, 18:00etan. Osasunak BBVA Ligan geratzea du jokoan, eta "salbatuko dela" uste du atzelariak. Horretarako, Sevillako taldeari irabazi eta aurkarien emaitza txarrak behar ditu.
Azpilicuetak orain dela lau urte utzi zuen Osasuna. Olympique Marseillan jokatu zuen, eta orain Chelsean ari da. Bere garaiko futbolari asko geratzen ez diren arren, gorritxoak uste du "espiritua" berdina izan behar dela. Osasunako jokalaria zenean, zzken momentuan ere lortu zuten Lehen Mailan geratzeko txartela.
"Espiritua beti egon da, eta ezin da galdu. Egoera zaila da. Nik ere bizi izan dut. Ondo bukatzea espero dut", esan du. Futbolariak ez du aholkurik, soilik "zaleekin batera kontzentratuta egotea".
"Dena eman behar dute. Aurkariak ez du ezer jokoan, eta Osasunak, salbazioa. Aurrera ateratzeko modu bakarra da", gehitu du. Horra hor Azpilicuetaren formula mota honetako neurketetarako: bihotzaren eta buruaren arteko "oreka".