Osasuna
BBVA Liga
Osasuna galtzaile atera da Santiago Bernabeutik (4-0)
Erredakzioa
Cristiano Ronaldo (2), Sergio Ramos eta Carvajal izan dira golegileak.
Real Madrid aise gailendu zaio Osasunari, Cristiano Ronaldok sartutako bi gol ikusgarriei esker. Sergio Ramosek eta Carvajalek egin dituzte madrildarren beste biak, markagailuan 4 eta 0eko emaitza utzita.
Nafarren asmoa Real Madrilen ustezko nekeari etekina ateratzea izan da, baina gorritxoek garesti ordaindu dute hasieran agertutako ausardia, eta atzean sartu behar izan dute. Nahikoa lan izan dute atea zaintzen.
Lehen gola partida hasi eta berehala iritsi da. Cristiano Ronaldok egin du 6. minutuan, baloia zalantzazko egoeran jaso du, baina bere jaurtiketa ate barrura sartu da eta epaileak ontzat eman du gola.
Osasunak ez du amore eman eta ondo aritu da ondorengo minutuetan, baina bolada onak 15 minutu eskas iraun die.
Bigarren zatia hasi eta berehala Cristianok bigarrena egin du. Gol izugarri ederra sartu du Real Madrileko aurrelariak, eta zaleak zutik jarri ditu Bernabeun.
Hirugarren gola, aldiz, Sergio Ramosek sartu du. Garaipena bideratuta, Ancelottik aldaketak egin ditu, Munichen Txapeldunen Ligan jokatu behar duten partidari begira.
Azken minutuetan, etxeko taldeak aldea handitu du, Carvajalek sartutako laugarren golari esker.
Fitxa teknikoa:
4 - Real Madril: Diego López; Nacho, Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Illarramendi, Modric (Xabi Alonso, 67. min), Isco; Di María (Carvajal, 74. min), Cristiano Ronaldo (Casemiro, 61. min) eta Morata.
0 - Osasuna: Andrés Fernández; Damiá, Flaño, Arribas, Joan Oriol; Cejudo, Raoul Loé (Oier, 58. min), Puñal, Armenteros (Lobato, 78. min), De las Cuevas; eta Oriol Riera (Acuña, 64. min).
Golak: 1-0, 6. min: Cristiano Ronaldo. 2-0, 53. min: Cristiano Ronaldo. 3-0, 60. min: Sergio Ramos. 4-0, 84. min: Carvajal.