Munduko futbol txapelketapelketa
Final-laurdenak
Uruguai, finalerdietan Ghanari penaltien txandan irabazita (4-2)
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Partida, luzapena barne 1-1ekoarekin bukatu da. 120. minutuan Gyanek penaltia huts egin du. Penaltien txandan Uruguaik lau sartu ditu eta Ghanak, bi.
Lehen zatiaren hasieran Uruguai izan zen jaun eta jabe, baina ez zuten gol aukera askorik sortu. Partida lehen gol aukera 18. minutuan etorri zen. Uruguaik lehen gola sartzeko aukera izan zuen, baina Kingston atezainak eragotzi egin zuen. Hamar minutu beranduago Kingstonek berriro erantzun ona eman zion Luis Suarezen jaurtiketa bortitzari. Ghanaren erreakzioa 30. minututik aurrera etorri zen. Minutu horretan Vorsahren burukada gutxigatik kanpora joan zen eta hurrengo jokaldian Gyanek kontraeraso bat ondo bukatu zuen, baina bere errematea zutoina urratuz kanpora joan zen. Azken minutuetan Ghana ari zen nagusitzen. Boateng txilenaz saiatu zen afrikarrentzat gola lortzen, baina ezin. Partida atsedenaldira berdinduta iritsiko zela uste zenean Muntarik area kanpotik jaurtiketa ona atera eta 0-1ekoa sartu zuen Ghanarentzat. Emaitza horrekin (0-1) iritsi zen norgehiagoka atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieratik Uruguai erasokor zelairatu zen eta 55. minuturako partida berdintzea lortu zuten. Forlanek falta jaurtiketaz Kingston gainditu eta 1-1ekoa sartu zuen. Gol honen ondoren partida ireki egin zen eta gol aukerak izan zituzten bi taldeek. Ghanak berriro aurrea hartzeko aukera izan zuen gola hartu eta lasterrean, baina Gyanen jaurtiketari erantzun ona eman zion Muslera atezain uruguaiarrak. Ondoren Luis Suarezek bi gol aukera izan zituen, baina lehenengoan kanpora egin zuen errematea eta bigarrenean Kingstonek bere jaurtiketa desbideratu zuen. Uruguairenak izan ziren bigarren zatiko gol aukera onenak, baina ez zuten gola sartzea lortu eta 1-1ekoarekin bukatu ziren 90 minutuak. Ondorioz, luzapenera joan zen norgehiagoka.
Luzapenean gol aukera bina egon zen talde bakoitzarentzat, baina bietako batek ere ez zuen gola sartzerik lortzen. Azken minutuan Alexis Suarez Uruguaiko aurrelariak Gyanen burukada eskuekin aldendu zuen, epaileak ikusi, penaltia adierazi eta txartel gorria atera zion Suarezi. Gyanek jaurti zuen Ghanaren aldeko penaltia, baina kale egin zuen eta penaltien txandan erabaki zen norgehiagoka.
Penaltien txandan Uruguai nagusitu zen lau penalti sartuta. Ghanak bi penalti bakarrik sartu zituen.
Fitxa teknikoa:
1 - Uruguai: Fernando Muslera, Maximiliano Pereira, Diego Lugano (Andres Scotti, 38. min), Mauricio Victorino, Jorge Fucile, Avaro Fernandez (Nicolas Lodeiro, 46. min), Diego Pérez, Egidio Arevalo Rios, Edinson Cavani (Sebastian Abreu, 76. min), Diego Forlan eta Luis Suarez.
1 - Ghana: Kingson, Pantsil, Vorsah, John Mensah, Sarpei, Inkoom (Appiah, 74. min), Annan, Prince Boateng, Assamoah, Muntari (Adiyiah, 88. min) eta Gyan.
Golak: 0-1, 47+. min: Muntari. 1-1, 55. min: Forlan.
Penaltiak: Forlan, gola (1-0). Gyan, gola (1-1). Victorino, gola (2-1). Appiah, gola (2-2). Scotti, gola (3-2). John Mensah, kanpora (3-2). Pereira, kanpora (3-2). Adiyiah, atezainaren gelditua (3-2). Abreu, gola (4-2).