Itxi

Athletic Club

Zuzendaritza

Javi Martinezen salmentaren dirua harrobian inbertituko du Athleticek

Erredakzioa

Gainera, talde zuri-gorriak dirua "Bizkaiko Foru Aldundiarekin duen zorra kitatzeko" erabiliko du. Bestalde, Athleticek omenaldia egingo dio Jose Angel Iribarri igandean.

  • Ibaigane. Argazkia: EITB

    Ibaigane. Argazkia: EITB

Javi Martinezen salmentarekin lortutako "diru-sarrera" Athleticek Bizkaiko Foru Aldundiarekin duen zorra "kitatzeko" eta "harrobiko egitura sendotzeko" erabiliko duela iragarri du gaur talde zuri-gorriaren Zuzendaritzak.

Atzo Zuzendaritzak hartutako erabakien berri eman du gaur talde zuri-gorriak komunikatu batean. Jokalari nafarra Bayern Munichi 40 milioiren truke saldu eta gero, "diruzaintza egitasmoa" egin du Zuzendaritza Batzordeak.

"Foru Ogasunarekin duen zorra behar baino lehenago kitatzeko eta harrobiko egitura sendotzeko, baliabideak eta antolamendua hobetzeko" diru hori erabiltzea erabaki du Athleticek.

Iribarri omenaldia

Bestalde, Jose Angel Iribar atezain handiari omenaldia egingo dio San Mamesek datorren igandean. Ate zuri-gorrian orain dela 50 urte debuta egin zuen Iribarrek.

Malagaren aurkako neurketaren (19:50ean) atarian omenaldia egingo diotela jakinarazi du klubak. Iribarrek Malagaren aurka egin zuen debuta, baina La Rosaleda futbol-zelaian, 1962ko irailaren 23an.