Itxi

Athletic Club

Carvajalen sarreraren ondorioz

Yuri Berchichek haustura dauka eskuineko peronean

Agentziak | EITB Media

Athleticek zabaldutako osasun-txostenaren arabera, jokalaria “lesioaren bilakaeraren zain” geratu da, eta ez dute errekuperaziorako eperik jarri.

  • Yuri, Real Madrilen aurkako partida batean

    Yuri, Real Madrilen aurkako partida batean. Argazkia: Efe.

Yuri Berchiche Athleticeko jokalariak "haustura du eskuineko peronean", Real Madrileko Dani Carvajalek ekainaren 4an Bernabeun jokatutako partidan egindako sarrera gogorraren ondorioz.

Neurketa amaitu ostean, "peronearen buruan kolpea" antzeman zioten. Astearte honetan aditzera emandako osasun-txostenaren arabera, "jokalariak minez jarraitzen zuela ikusita", azterketa osagarriak egin dizkiote eta haustura duela ikusi dute.

Athleticek zabaldutako komunikatuaren arabera, Yuri "lesioaren bilakaeraren zain" geratu da, eta ez dute errekuperaziorako eperik jarri. Dena den, litekeena da jokalaria ehuneko ehunean ez egotea denboraldiaurrearen hastapenerako. Taldekideek hiru aste barru ekingo diete berriro entrenamendu saioei.

Carvajalen sarrera

Partidaren amaierarako sei minuturen faltan hartu zuen min Yurik, Real Madrilen eta Athleticen arteko neurketan, Carvajalek sarrera gogorra eginez eten zuenean haren jokaldia.

Epaileak txartel horia atera zion Real Madrileko atzelariari, eta Yurik ezin izan zuen jokatzen jarraitu. Ondorioz, Valverderen taldea jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, bost aldaketak eginda zituelako.