Athletic Club
F Liga
Athleticek garaipena bereganatu du Alavesen aurkako euskal derbian, azken hasperenean sartutako golari esker
A. B. E. | EITB Media
Zuri-gorriek mendean hartu dute Arabako taldea F Ligako 25. jardunaldiko partidan. Valdezatek sartu du neurketako gol bakarra, 95. minutuan.
Athleticek mendean hartu du Alaves 1-0eko emaitzarekin F Ligako 25. jardunaldiko euskal derbian. Valdezatek neurketako azken jokaldian sartutako golak eman dizkio hiru puntuak talde zuri-gorriari.
Ondorioz, Alavesek sailkapeneko azken postuan jarraitzen du 15 punturekin, salbaziotik bi puntura. Bestalde, Athleticek mailari eusteko aurrerapausoa eman du, 25 puntu baititu eta jaitsierarekiko zazpi puntuko abantaila baitu orain.
Neurketaren hasiera parekatua izan da. Alaves egin da baloiaren jabe, baina bi taldeei asko kosta zaie abagune argiak sortzea. Norgehiagokako 25. minutuan gola sartzeko aukera argia izan du Arabako taldeak; Mariasun Quiñones areatik irten da, baloiak gainditu egin du atezaina, baina Ane Miren ezin izan da iritsi errematea egitera. Hamar minutu beranduago, Alavesek beste abagune argi bat eduki du, baina Sara Carrilok area barrutik egindako jaurtiketa gora joan da langaren gainetik, jokaldi on baten ostean.
Alaves gehiago izan da lehen zatian, baina neurketa golik gabe berdinduta iritsi da atsedenaldira (0-0).
Bigarren zatian erasokorrago zelairatu da Athletic, eta pixkanaka-pixkanaka atzean sartu du Alaves. Hala ere, zuri gorriei asko kosta zaie abaguneak sortzea.
Partidako 69. minutuan gola sartzetik gertu egon da Athletic; Nerea Nevadok erdiraketa ona egin, eta Ane Azkonak area txikian egindako errematea kanpora joan da, oso gutxigatik. Bost minutu geroago, zuri-gorriek beste abagune argi bat eduki dute; Aranaren jaurtiketa, ordea, zutoinera joan da, eta ez da ate barrura sartu. Ekinean jarraitu du Bilboko taldeak, eta 77. minutuan Patricia Larque atezainak eragotzi du Athleticen gola Pekeren jaurtiketari erantzun bikaina emanda.
Etxeko taldea egon da gola sartzetik gertuago bigarren zatian, baina lehiako 93. minutuan Alaves garaipena lortzeko zorian egon da; hala ere, Marta San Adrianen jaurtiketak langa jo du, eta ez da ate barruan sartu.
Bazirudien derbia golik gabe amaituko zela, baina 95. minutuan, partidako azken jokaldian, Valdezatek gola sartu du Athleticentzat (1-0), kornerra bikain errematatuta eta Larque atezaina gaindituta.
Azkenean, Alavesi ez dio gehiagorako denborarik eman, eta hiru puntuak Athleticek poltsikoratu ditu (1-0).
Fitxa teknikoa:
1.- Athletic Club: Quiñones; Landaluze (Peke, 46. min), Valdezate, Zubieta, Nevado, Oguiza (Cerro, 78. min), Unzue, Oihane (Elexpuru, 71. min), Pinedo, Azkona, Yulema (Arana, 46. min).
0.- Alaves: Larque; Elba, Saez, Ohale, Carla Morera (Pinto, 86. min), Gema, Alba (Miku, 73. min), Carla (Laborde, 86. min), Carrillo (Ornella, 73. min), Ane Miren (Chamorro, 67. min), Sanadri.
Gol: 1-0, Valdezate (95. min)
Epailea: Dolores Martinez Madrona. Txartel horia atera dio Oguiza (47. min) Athleticeko jokalariari, baita Camila Saez (92. min) Alaveseko futbolariari ere.