Itxi

Athletic Club

Gaur, 21:05ean

Muniain hasierako hamaikakoan izango da

Erredakzioa

Marcelo Bielsaren mutilek Lisboan emaitza ona lortzea dute helburu San Mameseko neurketan aukerak izaten jarraitzeko. Ia 4.000 zale zuri-gorri izango dira Jose Alvalade estadioan.

01:33
Athleticeko zaleek zuri-gorriz jantzi dituzte Lisboako kaleak

Bilboko taldeak Sporting Portugal taldearen aurka bihar, 21:05ean, jokatuko du Europa Ligako finalerdietako joaneko neurketa. Jose Alvalade estadioan ia 4.000 zale zuri-gorri izango dira Athletic animatzen eta Portugaleko hedabideen esanetan, atzerriko zale gehien izango diren aldia izango da.

Bukaresteko finalera heltzeko aurreneko pausoa eman beharko dute Marcelo Bielsaren mutilek Jose Alvalade estadioan eta horretarako emaitza ona beharko dute San Mameseko norgehiagokara aukerekin heltzeko. Manchester United eta Schalke 04 etxetik kanporako neurketetan gainditu ditu Athleticek eta Lisboan berdina egiteko asmoa du.

Iker Muniain berreskuratu egin da Mallorcaren aurkako partida galdu eta gero eta deialdiko albiste garrantzitsuena Carlos Gurpeguiren presentzia da. Andosillako jokalaria lehenengo itzulian lesionatu egin zen Valentziaren aurkako neurketan eta belaunean ebakuntza egin eta gero deialdira itzuli da.

Sportingek emaitza positiboa atera beharko du etxean hurrengo ostegunean San Mamesen erabakiko baita kanporaketa. Sa Pintok Athleticek erasoan duen arriskua azpimarratu du, baina Jose Alvalade estadioan garaipena bilatuko dutela argi utzi du.