Itxi

Athletic Club

Kopako finala

Athleticek 17.000 sarrera zozketatuko ditu apirilaren 22an

Erredakzioa

Ostegun honetatik aurrera, izena emateko aukera izango dute bazkideek telefono zein internet bidez. Epea hilaren 21ean bukatuko da.

01:27
Athleticek 17.000 sarrera zozketatuko ditu apirilaren 22an

17.000 sarrera egongo dira Athleticeko bazkideen esku Errege Kopako finalerako, jakinarazi dute Javier Aldazabal zuzendaritza batzordeko idazkariak eta Jon Berasategi zuzendari orokorrak. Gainontzeko 3000 sarrerak klubak dituen konpromisoetarako direla azpimarratu dute. Zuri-gorriek FC Bartzelonaren aurka neurtuko dituzte indarrak maiatzaren 25ean, Madrilgo Vicente Calderon futbol-zelaian.

Bazkideek izena emateko aukera izango dute gaurtik aurrera (16:00) Athleticen webgunean edo 944050515 telefonora deituz. Epea apirilaren 21ean bukatuko da, 20:00etan. Izena 17.000 bazkidek baino gehiagok emanez gero, klubak zozketa egingo du apirilaren 22an, igandean.

2009ko finalerako sarrerak banatzeko erabili zuten metodoaren oso antzekoa erabiliko dute. Lau bazkideren izenak egongo dira, gehienez, eskaera bakoitzean. Horiei guztiei zenbaki bat egokitu zaie eta guztiak ontzian sartuko dira. Zozketaren egunean zenbaki bat aterako da eta hor bertan hasiko da saridunen bidaia.

Sarreren salmenta maiatzaren 11tik 23ra egingo da San Mameseko leihatiletan. Salgai jarriko diren sarrera gehienak 60 eta 120 euro artekoak izango dira baina 250 eurokoak ere badaude.

Europa Ligako finalerako sailkatzen bada, Athleticek 9.000 sarrera izango ditu eta horiek banatzeko metodoa gaur azaldutakoaren antzekoa izango dela adierazi dute. Izena emateko epea apirilaren 23an zabalduko litzakete eta zozketa 29an egingo lukete.