Itxi

Athletic Club

Berdinketa Granadan (2-2)

Athleticek puntu mikatza lortu du Los Carmenes estadioan

Erredakzioa

Zuri-gorriek oso gaizki hasi dute neurketa eta Llorentek penalti bat huts egin du. Gainera, Granadak 2-0ekoa gizon bat gutxiagorekin sartu du.

  • Fernando Llorente penaltia huts egin eta gero. Argazkia: EFE

    Fernando Llorente penaltia huts egin eta gero. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Granada: Julio Cesar; Nyom, Iñigo Lopez, Borja Gomez, Siqueira; Moises Hurtado, Mikel Rico, Jaime Romero, Uche (Mainz, 46. minutua); Martins (Abel, 82. minutua); Ighalo (Geijo, 63. minutua).

Athletic: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta (Gabilondo, 75. minutua), Aurtenetxe (Ibai Gomez, 49. minutua); Iturraspe, Herrera (Toquero, 60. minutua), De Marcos; Susaeta, Llorente, Muniain.

Golak: 1-0, 2. minutua, Jaime. 2-0, 73. minutua, Geijo. 2-1, 80. minutua, Llorente. 2-2, 87. minutua, Susaeta.

Neurketa amaitzeko hiru minutu falta zirenean Markel Susaetak berdinketa jarri du markagailuan eta horrek Athletici puntu mikatz bat biltzea ahalbidetu dio Granadan. Bilbotarrek partida mendean izan dute, baina Llorentek penalti bat huts egin du eta horrek norgehiagoka baldintzatu du. Hala ere, aurrelari errioxarrak Athleticen lehen gola sartu du bigarren zatian.

Neurketa modurik okerrenean hasi da. Zuri-gorriek lokarturik hasi dute partida eta konturatu direnerako 1-0 galtzen ari ziren Los Carmenes estadioan. Granadak, ostera, oso ondo hasi du norgehiagoka eta gola sartu du aurreneko minutuan.

Athletic esnatu da, baina ez du sakontasunik izan jokoan eta jokaldiren bat lotu duenean azken pasean huts egin du. Bielsaren mutilak zelaiko hiru laurdenetara erraz heldu dira, baina hortik aurrera zailtasunak izan dituzte.

Gutxi balitz, bilbotarrek penalti bat huts egin dute lehen zatiko azken laurdenean. Llorentek jaurtiketa zuzenean kanpora bidali du era ulertezin batean. Penaltiaren ondorioz, Granada gizon bat gutxiagorekin geratu da, izan ere, Jaime, gola sartu duen jokalaria, egotzi du epaileak.

Bigarren zatian, Muniainek huts egin du Julio Cesarren aurrean bakarrik zegoenean. Gainera, nafarrak ez ditu bere taldekideak ikusi jokaldi berean, Llorente eta Gabilondo pasearen zain zituenean. Neurketa zoroa bihurtu da eta Athleticek gehiago merezi izan du, baina berdinketa lortu behar zuela ematen zuenean andaluziarrek bigarren gola sartu dute kontraerasoan.

Granadaren arean egindako falta bat andaluziarren bigarren gola ekarri du kontraerasoan. Hala ere, Llorentek Ibai Gomezen erdiraketa bikain bat sareetan kokatu du, 2-1ekoa ezarriz. Ondoren Susaetak binakoa egin du, bizkaitarrek gutxienez hori merezi izan baitute.