Athletic Club
San Mames
Athleticek Ligako borrokari eutsi nahi dio Sevillari irabazi ostean
Erredakzioa
Zuri-gorriek Sevillak baino hobeto jokatu dute, baina abagune ugari huts egin dituzte, batez ere bigarren zatian. Horrela, amaierara arte sufritzea egokitu da (1-0).
-
Athletic-Sevilla (1-0). Argazkia: EFE
Fitxa teknikoa:
Athletic: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos (San Jose, 57. minutua), Herrera (Ibai, 64. minutua; Susaeta, Muniain eta Llorente (Toquero, 64. minutua).
Sevilla: Palop; Luna, Fazio, Escude, Fernando Navarro; Jesus Navas, Medel, Rakitic (Guarente, 74. minutua), Manu del Moral (Alberto, 79. minutua); Kanoute (Baba, 67. minutua) eta Negredo.
Golak: 1-0, 47. minutua: Llorente.
Athleticek Sevilla 1-0 mendean hartu du San Mamesen gaur. Sevillako taldeak ez du mailarik eman eta bilbotarrek ederki aprobetxatu dute aukera. Horrela, Bielsaren mutilek Ligako azken jardunaldietan izandako bolada txarrari amaiera eman eta Europako borrokari eutsi diote.
Sevillak Athleticek baino hobeto hasi du partida eta zuri-gorrien areara azkar eta arriskuarekin heldu da. Horrela, Iraolak bi barnekaldi arriskutsu saihestu ditu Sevillako jokalariak errematea bilatzen ari zirenean.
Hala ere, minutuak pasa ahala zuri-gorriek partidaren kontrola bereganatu dute eta jokaldiak lotzen hasi dira. Michelen taldeak kontraeraso azkarra bilatu du, baina ez du aukera argirik sortu.
Bielsaren taldeak Llorenteren erremate batean izan du aukerarik onena. Errioxako aurrelariak baloia langara bidali du. Rincon de Sotoko jokalariak beste abagune argi bat izan du, baina Palopep hurbil-hurbiletik egindako jaurtiketa gelditu dio.
Bigarren zatia hasi eta berehala Llorentek neurketako gol bakarra sartu du buruz. Sevillako atzelariek Navarro bakarrik utzi zuten hegalean eta Susaetak erdiraketa bikaina ateratzeko aprobetxatu du. Errioxako aurrelariak Faziori aurrea hartu dio eta baloia sareetan kokatu du. Llorenteren 15. gola da Ligan.
Nahiz eta kolpe latza hartu, Sevillak erreakzionatu egin du eta sakatzen saiatu da. Hala ere, arriskua Athleticek sortu du kontraerasoan. Toquerok bi abagune argi izan ditu, baina baloia tokitara bidali du aurrelari gasteiztarrak.