Athletic Club
Atletico mendean hartuta
Athleticek Carranza Trofeoa irabazi du
A. B. E. | EITB Media
Bizkaiko taldeak Atletico Madril 1-0 menderatuta irabazi du Cadizek antolatzen duen txapelketa.
-
Athleticeko jokalariak Carranza Trofeoko garaikurrarekin. Argazkia: EFE
Athleticek Carranza Trofeoa irabazi du asteazken honetan (abuztuak 25) Atletico Madril 1-0 menderatuta Cadizko Nuevo Mirandilla futbol-zelaian.
Hasiera bikaina eman dio norgehiagokari talde bizkaitarrak, bigarren minutuan Naroak 1-0ekoa jarri baitu markagailuan, korner jaurtiketa bat buruz errematatuta. Athleticen golaren ostean Atletico Madrilek berdinketaren bila jo du. Madrilgo taldeak ez ditu abagune asko izan, Bizkaiko taldea ondo ibili baita defentsako lanean. Hala ere, neurketako 43. minutuan, Atletico Madrilek gola sartzeko aukera paregabea izan du, baina Kgatlanak ezin izan du Andrea De la Nava atezaina gainditu.
Bigarren zatiaren hasieran, nagusi izan da Atletico Madril. Athletic nahiko atzean sartuta egon da, baina zuri-gorriek sendo jarraitu dute, defentsan lan bikaina eginda. Atsedenaldiaren ostean, Mariasun Quiñonesek (De La Navaren ordez atera da) talde koltxoneroaren gola eragotzi du 58. minutuan, Kgatlanaren errematea geldituta. Azken minutuetan, ekinean jarraitu du Atletico Madrilek, eta gola gertu izan du; Amandaren jaurtiketak, ordea, langa jo du. Horixe izan da Atleticoren azken abagunea. Amaieran, beraz, Athletic txapeldun.
Fitxa teknikoa:
1- Athletic Club: Andrea; Oihane, Naroa, Valdezate, Moraza; Marta Unzue, Oguiza, Azkona, Peke; Lucia Garcia eta Nekane. Bigarren zatian hauek zelairatu dira: Quiñones; Istillart, Erika, Corres, Arana eta Garazi.
0- Atletico Madril: Lola; Simón, Aleixandri, Van Dongen, Menayo; Shei, Meseguer, Maitane, Banini; Deyna eta Kgatlana. Bigarren zatian hauek zelairatu dira: Lindahl, Tounkara, Barbara, Ajibade eta Amanda.
Epailea: Marta Frias Acedo.
Gola: 1-0, 2. min: Naroa.