Athletic Club
Lau partidako zigorra
Iñigo Martinezen zigorrari helegitea jarri eta kautelaz etetea eskatu du Athleticek
A. A. | EITB MEDIA
Lehiaketa Batzordeak lau partidako zigorra ezarri dio du Ondarroako atzelaria, eta horrek Errege Kopako itzulerako partidan egotea galaraziko lioke.
-
Iñigo Martinez eta Sergio Leon, liskarrean. Argazkia: EFE
Athleticek helegitea aurkeztu du Iñigo Martinezi lau partidako zigorra ezarri dion Lehiaketa Batzordearen ebazpenaren aurka; horrez gain, zigor hori kautelaz bertan behera uzteko eskatu du, klub zuri-gorriak ohar baten bide jakitera eman duenez.
Espainiako Futbol Federazioaren (FEF) Lehiaketa Batzordeak lau partidarekin zigortu du asteazken honetan Ondarroako atzelaria, Levanteren aurkako Ligako neurketaren partidaren amaieran (1-1) Sergio Leonen aurka egindako ekintza erasoa egotzita.
Hori dela eta, Athleticen helegiteak aurrera egingo duen jakin gabe, Martinezek ezingo luke jokatu ostegun honetan Levanteren aurka Ciutat de Valencian jokatuko duen Kopako finalerdietako itzuliko partida.
¿¿ Athleticek errekurtsoa aurkeztu du Lehiaketa Batzordeak Iñigo Martinezi jarritako lau partidako zigorra dela eta. Ondorioz neurri kautelarrak eskatu ditu.#AthleticClub ¿
— Athletic Club (@athletic_eus) March 3, 2021
Hiru partida baino gehiagoko zigorra denez, zigorra edozein lehiaketatan bete behar da; aldiz, hiru partida edo gutxiagoko zigorra izan balitz txartel gorria ikusi zuen lehieaketan bertan bete beharko zukeen zigorra, hau da, kasu honetan Liga Txapelketan.
Espainiako Futbol Federazioak jakinarazi duenez, batzordeak lau partida ezarri dizkio Martinezi "eraso egiteagatik", diziplina araudiaren 98.1 artikulua aplikatuz.
Ligako 25. jardunaldiko partidako epailearen aktak jaso zuenez, "Iñigo Martinez Athleticeko jokalariak eskua aurpegian jarri dio aurkari bati (Sergio Leon), gehiegizko indarra erabilita".
"Gertaera hori aldageletako tunelean jakinarazi zitzaien bi taldeetako ordezkariei, jokalariak dagoeneko zelaitik kanpo baitzeuden", gaineratu zuen Isidro Diaz de Mera epaileak.
Marcelino Garcia Toral Athleticeko entrenatzailearen esanetan, Lehiaketa Batzordearen erabakiak "harridura" sortu du klubean, eta "bidegabea" dela uste du; izan ere, egon diren "aurrekari batzuetan" zigorra "ez da hain larria izan".