Itxi

Athletic Club

Lau partidako zigorra

Iñigo Martinez ezingo da Kopako finalerdietako itzulikoan egon

A. A. | EITB MEDIA

Lehiaketa Batzordearen aburuz, Ondarroako atzelariak Sergi Leoni egindakoa 'erasoa' da, eta, ondorioz, zigor larria dagokio. Dena den, Athleticek zigorrari helegitea hjarri dio eta kautelaz etetea.

  • Iñigo Martinez eta Sergio Leon, liskarrean

    Iñigo Martinez eta Sergio Leon, liskarrean. Argazkia: EFE

Lehiaketa Batzordeak lau partidako zigorra ezarri dio Iñigo Martinez Athleticeko atzelariari, joan zen ostiralean Levanteren aurkako neurketan txartel gorria ikusi ostean.

Batzordearen aburuz, Ondarroako atzelariak Sergi Leoni joan zen ostiraleko partidan egindakoa 'erasoa' da, eta, ondorioz, zigor larria dagokio.

Horrenbestez, Martinezek ezingo du Errege Kopako finalerdietako itzuliko lehia jokatu, eta Ligako datozen hiru partidetan ere zigorra bete beharko du.

Dena den, Bilboko taldeak helegitea aurkeztu du, zigorraldia arintze aldera, eta Ondarroako atzelariak, hartara, osteguneko partida erabakigarrian jokatzeko aukera izan dezan. Horrez gain, zigorra kautelaz bertan behera geratzea ere eskatu du Bilboko taldeak.

Izan ere, ezarritako zigorra partida batetik hiru partida bitartekoa balitz, Errege Kopan jardun ahalko luke, zigorraldia txartel gorria ikusi zuen txapelketa berean bete beharko lukeelako, hau da, Liga Txapelketan, kasu honetan.

Sergio Leonekin liskarra

Iñigo Martinezek liskarra izan zuen Sergio Leon Levanteko jokalariarekin joan zen ostiraleko LaLigako norgehigokan, behin neurketa bukatuta, eta epaileak txartel gorria atera zion, VARa kontsultatu eta gero.

Epaileak neurketako aktan jarri zuenez, "Iñigo Martinez Athleticeko jokalariak eskua aurpegian jarri dio aurkari bati (Sergio Leon), gehiegizko indarra erabilita".