Athletic Club
Primera Iberdrola Liga
Sporting Huelva-Reala eta Betis-Athletic partidak, atzeratuta koronabirusarengatik
A. B. | EITB Media
Andaluziako taldean bost kidek positibo eman dute covid-19agatik. Talde zuri-gorriko kide batek ere positibo eman zuen. Beraz, Barçaren eta Betisen aurka jokatu beharreko partidak atzeratu egin dira.
-
Primera Iberdrola Ligako Reala - Valentzia partida amaierakoko irudia. Argazkia: EITB Media
Primera Iberdrola Ligako 18. jardunaldiko Sporting Huelvaren eta Realaren arteko neurketa atzeratuta geratu da, baita Betisen eta Athleticen arteko norgehiagoka ere. Biak igandean jokatzekoak ziren, baina Espainiako Futbol Federazioak atzeratu egin ditu covid-19 kasuak atzeman dituztelako Huelvako eta Bilboko taldeetan.
Sporting Huelvak asteazken honetan jakinarazi du taldeko bost kidek positibo eman dutela covid-19agatik. Espainiako Futbol Federazioa jakinaren gainean jarri ostean, Lehiaketa Batzordeko epaileak partida atzeratzea erabaki du. Neurketaren data ahalik eta azkarren ezartzea da helburua, beti ere egutegiak hala ahalbidetzen duenean.
Bestalde, Betisen eta Athleticen arteko norgehiagoka ere atzeratzea erabaki du Espainiako Futbol Federazioak. Talde zuri-gorriko kide batek positibo eman zuen covid-19agatik asteartean; ondorioz, zuri-gorriek Barçaren aurka ostegunean jokatu beharreko 17. jardunaldiko partida atzeratzea erabaki zuen Espainiako Futbol Federazioak. Halaber, asteazken honetan, Betisen aurkako 18. jardunaldiko partida atzeratzea ebatzi du Lehiaketa Batzordeko epaileak.