Athletic Club
Agur 18 urteko bolda txarrari
Sevilla-Athletic (1-2): Zuri-gorrien erakustaldia eta garaipen handia
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldeak partida bikaina burutu du. Iraolak sartu du 0-1ekoa, Navasek lehen zatian 1-1ekoa sartu du eta 71. minutuan De Marcosek lortu du norgehiagokako azken gola.
-
Athleticeko jokalariak Iraolak Sanchez Pizjuanen sartu duen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek garaipen handia lortu zuen Sevillaren aurka Sanchez Pizjuan futbol zelaian. 1-2ko emaitzarekin irabazi zuten eta joko maila bikaina erakutsita. Gainera, bertan irabazi gabe zeranaten 18 urteko bolada txarrari agur esan dio talde bizkaitarrak.
Partidak hasieratik erritmo bizia izan zuen. Bi taldeak gogotsu zelairatu ziren eta gol aukerak ere hasieratik sortu zituzten bi aurkariek. Baloia eten gabe zebilen alde batetik bestera zebilen eta bosgarren minuturako gol bat izan zuen partidak. Athleticek sartu zuen lehen gola Iraolaren bitartez. Usurbildarrak area kanpotik jaurtiketa egin eta baloia sare barrura bidali zuen 0-1ekoa egiteko. Pozak, ordea, ez zuen asko iraun talde bisitarian 14. minutuan Sevillak partida berdindu baitzuen. Navas Athleticek defentsan egindako huts batez baliatu zen Iraizoz gainditu eta 1-1ekoa sartzeko.
Golen ondoren bi taldeetako batek ere ez zuen erritmoa murriztu. Gol aukerak alde baten zein bestean ikusi zitezkeen, baina Athleticek izan zituen gol aukera onenak. Javi Martinezen burukada on bat langa gainetik kanpora joan zen eta Sevillako defentsak atepetik atera zuen Muniain baloia bultzatzeko prest zegoenean Llorenteren pase bikain baten ondoren. Sevillak Negedoren jaurtiketa baten bitartez erantzun zuen, baina Iraizozek erantzun ona eman zion. Azken minutuetan Iraolak beste gol aukera argi bat izan zuen, baina area barrutik baselina egiten saiatu da jaurtiketa egin beharrean eta saiakera kanpora joan zaio. Horrenbestez 1-1eko emaitzarekin bukatu zen lehen zatia.
Bigarren zatian Sevilla indartsu zelairatu zen. Etxeko taldea Athletic baino gogotsuago atera zen, baina zuri-gorriak azkar konturatu ziren horretaz eta presioaren bitartez baloiaren jabetza berreskuratuta partida hoztea lortu zuten. Minutuak aurrera joan ahala gero eta hobeto jokatzen zuen Athleticek eta joko on horrek saria izan zuen 72. minutuan. Talde bizkaitarrak presio bortitza egin zuen Sevillaren zelaian, Muniainek baloia berreskuratu zuen, pasea sakonean eman eta han agertu zen De Marcos baloia ukitu eta Javi Varas atezaina gainditzeko. 1-2koa zen Athleticentzat.
Bigarren gola sartu ostean, berdin jarraitu zuen Athleticek; baloi jabetza luzeak izan eta partida erabakita uzteko gol aukerak ere izan zituzten, baina ez ziren fin ibili ate aurrean. 83. minutuan Iñigo Perez lesionatu egin zen eta bere ordez Jonas Ramalho sartu zen berdegunera. Jonasek debuta egin zuen Athleticekin eta talde zuri-gorriaren historian lehen aldiz jokalari beltz bat izan da zelaian. Lan ona burutu zuen Ramalhok izan zituen minutuetan. Sevilla baloi luzeen bitartez eta estrategi jokaldien bidez saiatu zen berdinketa lortzen, baina zuri-gorriak seguru aritu ziren defentsan eta Athletici ez zion garaipenak ihes egin (1-2).
Fitxa teknikoa:
1 - Sevilla FC: Javi Varas; Martin Caceres, Spahic, Escude, Fernando Navarro; Jesus Navas, Fazio, Trochowski (Rakitic, m.67), Perotti (Armenteros, m.71); Kanoute eta Negredo (Del Moral, m.64).
2 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose, Javi Martinez, Aurtenetxe, De Marcos; Iñigo Perez (Ramalho, m.87); Susaeta (Gabilondo, m.67), Ander Herrera, Muniain; eta Llorente (Toquero, m.89).
Golak: 0-1, M.05: Iraola. 1-1, M.14: Jesus Navas. 1-2, M.71: De Marcos.
Epailea: Miguel Angel Ayza Gamez.