Athletic Club
Gaur, 21:00etan
Athleticek Europarako ilusioa piztu nahi du Espanyolen aurka San Mamesen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bai zuri-gorriek, bai zuri-urdinek 33 puntu dituzte eta laura dute seigarren postua.
-
Joan zen denboraldiko Athleticen eta Espanyolen arteko neurketa. Argazkia: EFE
Athleticek Espanyolen bisita jasoko du gaur, San Mamesen (21:00), Ligako 27. jardunaldia martxan jarriko duen neurketan.
Zuri-gorriak apur bat desengainatuta iritsiko dira partidara, aurreko jardunaldian Mestallan galdu ostean (2-0); izan ere, porrot horrek Gaizka Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik zeraman martxa ona moteltzea ekarri zuen (33 puntutik 22 zeramatzan irabazita, ordura arte).
Kenan Kodroren esanetan, "hutsegite" bat izan zen, bilbotarrek lehenbailehen atzean utzi nahi dutena, lau puntura dituzten Europako postuetara begira jartzeko. Jaitsiera tokiak 10 puntura dituzte, nahiz eta Valentziaren aurka galdu.
Derioko entrenatzaileak izan dezakeen zalantza handiena da nor jarriko duen zelai erdiko eskuinaldean, kontuan izanda Ander Caparen lesioagatik Oscar de Marcos eskuin hegalean arituko dela.
Valentzian, Ibai Gomezek jardun zuen leku horretan, baina Alavesetik itzuli zenetik ez da finegi ibili zeregin horietan. Ondorioz, Markel Susaetak hasieratik jokatzeko aukerak izan ditzake, Garitanok nahi duen sakontasuna eman diezaion taldeari.
Espanyolek, bere aldetik, Valladolidi irabazi eta gero bidaiatuko du Bilbora; alabaina, faltan izango ditu zenbait jokalari garrantzitsu. Hain zuzen ere, Joan Francesc Ferrer 'Rubi' entrenatzaileak ezin izango ditu erabili David Lopez erdiko atzelaria (lesioagatik) eta Sergi Darder erdilaria eta Borja Iglesias aurrelaria (txartelengatik). Azken hori, taldeko golegile nagusiena da.
Talde katalanak ere gora begira jarraitu nahi du, baina horretarako etxetik kanpo lortu ohi dituen emaitzak hobetu beharrean dago: zortzi puntu besterik ez ditu eskuratu bere zelaitik kanpo, garaipen bat eta bost berdinketa tarteko.
Zuri-urdinek bost aldiz bisitatu dute San Mames berria. Bost partida horietan bi garaipen eta hiru porrot izan dituzte. Katalanak izan ziren,hain justu, Athleticen zelai berrian irabazi zuten lehenak, 2013-2014 denboraldian (1-2). Joan zen denboraldian "perikitoek" 0-1 irabazi zuten Bilbon, David Lopezen gol bati esker.
Balizko hamaikakoak:
Athletic: Herrerin, De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia, Beñat, Susaeta, Raul Garcia, Muniain eta Williams.
Espanyol: Diego Lopez, Rosales, Lluis Lopez, Hermoso, Pedrosa, Victor Sanchez, Marc Roca, Granero, Melendo, Wu Lei eta Puado.
Epailea: González Fuertes.
Futbol-zelaia: San Mames.
Ordua: 21:00.