Itxi

Athletic Club

Igandean, 16:15ean

Athleticek berriro jokatuko du Sevillaren aurka, baina Ligako partida

Erredakzioa

Zuri-gorriek igandean jokatuko dute lehen itzuliko azken neurketa San Mamesen, 16:15ean. Adurizek eta Raul Garciak ez dute jokatuko.

  • Yeray Alvarez. Argazkia: EFE

    Yeray, Errege Kopako Athletic-Sevilla partidan. Argazkia: EFE

Athleticek Sevilla izango du aurkari igande honetan San Mamesen, 16:15ean. Ostegunean Errege Kopako final-zortzirenetako neurketa jokatu zuten bi taldeek eta talde andaluziarra nagusitu zen (1-3). Igandekoa Ligako norgehiagoka izango da.

Talde zuri-gorriak lau partida jarraian daramatza puntuak biltzen, konkretuki, Gaizka Garitanok taldea hartu zuenetik. Sevillaren aurka Kopan jasotakoa da Garitanoren lehen porrota Athleticeko entrenatzaile karguan.

Ibai Gomez jokatzeko prest dago, eta hasierako hamaikakoan sar liteke. Bestalde, Aritz Aduriz eta Raul Garcia ez daude jokatzeko moduan, ezta Mikel Rico eta Iñigo Lekue ere. Herrerin izango da atezaina, Iñigo Martinez hamaikakora itzuliko da, eta Yurik jokatuko du defentsako hegalean.

Sevillak ez du Ligan porrotik jaso 2018ko urrian Bartzelonaren aurka galdu (4-2) zuenetik, nahiz eta azken bost partidetatik lau berdindu egin dituen. Ligan hirugarren da Sevilla, Bartzelona liderrarengandik zazpi puntura eta Atletico Madrilengandik bi puntura.

Machin entrenatzaileak ez ditu jokatzeko prest izango Munir El Haddadi eta Maximilian Wöber, Sevillaren azken fitxaketak. Nolitok belauneko lesioa du eta 3 hilabete eman beharko ditu jokatu gabe, eta Daniel Carriço eta Franco Vazquez zigortuta daude. Maxime Gonalonsek ere ez du jokatuko.

Ustezko hamaikakoak:

Athletic: Herrerin; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Beñat; De Marcos, Muniain, Cordoba; eta Williams.

Sevilla: Vaclik; Jesus Navas, Mercado, Kjaer, Sergi Gomez, Escudero; Roque Mesa, Banega, Sarabia; Ben Yedder eta Andre Silva.

Epailea: Pablo Gonzalez Fuertes.

VAR Epailea: Santiago Jaime Latre.

Zelaia: San Mames.

Ordua: 16.15ean.