Athletic Club
Iberdrola Liga
Athleticek Logroñoren aurka irabazi eta Realak porrota jaso du Bartzelonaren aurka
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Athleticek 1-3 irabazi du Logroñoren aurka eta Realak porrota jaso du liderraren aurkako norgehiagokan Zubietan. Zurigorriek bolada onari eutsi diote eta txuri-urdinek Bartzelonaren aurka galdu dute.
-
Athleticek Logroñoren aurka irabazi eta Realak porrota jaso du Bartzelonaren aurka. Argazkia: EITB
Athletic 1-3 gailendu zaio Logroñori eta Realak porrota jaso du Zubietan Bartzelonaren aurka (2-5). Talde kataluniarra lider jarri da behin-behinean, Atleticok eta Rayok ostegun honetan Iberdrola Ligako 10. jardunaldiko partida jokatu aurretik.
Athleticek bolada onari eutsi dio eta sailkapeneko goiko postuetatik gero eta hurbilago dago, bosgarren baita jada hirugarren neurketa jarraian irabazi ondoren (zazpi jarraian daramatza galdu gabe). EDF Logroño, bere aldetik, postu arriskutsuetatik gertu dago, jaisteko postuak gero eta hurbilago dituela.
63. minutuan, Nekane Diezek denboraldiko hirugarren gola egin du Lehen Mailan jokatu duen 300. neurketan. Bi minutu geroago, 65.ean, Erika Vazquezek penaltiz egin du gola (denboraldi honetan lortu duen laugarrena) eta partida erabakita utzi du. EDF Logroño amore emanda zegoenean, Jone Ibañezek zuri-gorrien hirugarrena egin du, eta Ibrak etxekoen markagailua estreinatu du luzapenean.
Reala-Bartzelona
Bartzelona liderra da momentuz eta neurketa berezia zuen Zubietako zelaian. Realak bi partida zeramatzan irabazi gabe eta hiru puntuak behar zituen sailkapeneko lehen postuetan lehian aritzeko berriz ere.
Hala ere, gutxi iraun zieten txuri-urdinei ilusioek eta esperantzak, izan ere, Bartzelonak hogei minutu behar izan zituen neurketa bideratzeko. Azkar erantzun zion Realak Lieke Martens holandarraren golari Carla Bautistaren bitartez, baina Toni Duggan ingelesaren bi golek eta Martensek atsedenaldira iritsi aurretik lortu zuen bigarren golak ia erabakita utzi zuten norgehiagoka.
Atsedenalditik bueltan, berriz, Aitana Bonmatik bosgarrena egin zuen eta Nahikari Garciaren golak markagailua itxuratu besterik ez zuen egin. Izan ere, argi dago Bartzelonak erritmoa bizitzen duenean ez duela itzal egingo dion aurkaririk.