Itxi

Athletic Club

Larunbata, 18:00etan

Athletic-Almeria: Aurtenetxe ez, Toquero eta Susaeta zalantza dira

Erredakzioa

Amorebueta, Ocio eta Ibai Gomez jokalariek errekuperazio lanarekin jarraitzen dute eta ezin izango dute talde andaluziarraren aurka jokatu. Bai, ordea, Gurpegik, Batzordeak txartel horia kendu baitio.

Athletic Clubek Union Deportiva Almeriaren bisita jasoko du larunbatean San Mamasen. Partida horretarako Gaizka Toqueroren eta Marcel Susaetaren parte hartzea zalantzan dago, eta Jon Aurtenetxe baja izango da Vila-realen aurkako partidan egotzi baitzuten.

Joaquin Caparrosek Toquero aldatu zuen Alcorconen aurkako partidan gainkarga baitauka eskuin izterreko atzealdean, eta Susaetak oraindik minduta dauka giharraldea Madrigalen jasotako kolpearen ondorioz.

Prestatzaile andaluziarrak azken ordura arte itxaron behar izango du bere hasierako hamaikakoan lekua izan ohi duten bi jokalariak jokatzeko moduan egongo diren ala ez jakiteko. Aurtenetxeren ordezkoa Koikili Lertxundi izango da.

Fernando Amorebueta, Aitor Ocio eta Ibai Gomez jokalariek errekuperazio lanarekin jarraitzen dute eta ezin izango dute talde andaluziarraren aurka jokatu.

Carlos Gurpegi, berriz, Caparrosen aginduetara izango da, Lehiaketa Batzordeak Vila-realen ikusitako txartel horia kendu diolako.

Caparrosek errekuperazio-saioa egin du gaurkoan atzo titular izan zirenekin, eta ostiralean hasiko da Almeriaren aurkako neurketa prestatzen, 10:30ean Lezaman egingo den lan-saioarekin.