Itxi

Athletic Club

Igandea, 16:45

Athletic, Europaren bila Vicente Calderonen, Ligako azken partidan

Agentziak | Erredakzioa

Bilboko taldeak dena du jokoan, eta Atletico Madril sailkapena erabakita duela heldu da azken partidara.

Athleticek Europa Ligarako sailkapena izango du jokoan Ligako azken jardunaldian. Aurkariak, Atletico Madrilek, ziurtatuta dauka hirugarren postua, baina garaipena nahi izango du Vicento Calderonen jokatuko duen Ligako azken partidan.

Bilbotarrak seigarren daude taulan, 63 punturekin. Vila-realek baino puntu bat gutxiago daukate, eta Realak baino bat gehiago. Azken jardunaldian erabakiko da, beraz, hiru taldeen kokapena.

Bosgarren eta seigarren postuetan bukatzen dutenek Europa Liga jokatuko dute. Seigarrenak, baina, atariko bat gehiago jokatu beharko du. Zazpigarrena Europara joango den ala ez, Errege Kopako finalaren emaitzaren arabera izango da. Bartzelonak Alavesi irabazten badio, zazpigarrenak ere Europa Liga jokatuko du.

Garaipenarekin, Athleticek ziurtatuta izango luke Europa. Gainera, Vila-realek galtzen badu, bosgarrena izango da. Realak baino emaitza txarragoa lortzen badu, ordea, zazpigarren postuan bukatuko du.

Ernesto Valverdek Laporte prest izango du berriz, Williams eta Balenziaga zalantzan direla. Jokalari garrantzitsuak dira, eta bien ordezkoa Lekue izaten da normalean. Hura non kokatzen duten, Saboritek edo Susaetak jokatzeko aukera dute.

Gaurko lehiak ez dauka garrantzirik Atletico Madrilentzat, ez bada azken 50 urteetan jokatu duten zelaiaren azken partida izango delako Ligan. Datorren urtean Wanda Metropolitano zelaira aldatuko da.

Lehoiek ez dute Atleticoren etxean irabazten 2011tik. Lesioak eta zigorrak tarteko, Diego Simeonek sei baja ditu.

USTEZKO HAMAIKAKOAK

Atletico Madril: Oblak; Thomas, Savic, Saul, Lucas; Carrasco, Gabi, Koke, Gaitan; Griezmann eta Fernando Torres.

Athletic: Kepa; De Marcos, Yeray, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat; Williams edo Lekue, Raul Garcia, Muniain; eta Aduriz.