Athletic Club
Gol-festa
Athletic-Almeria (4-1): Zuri-gorrien erakustaldia San Mamesen
Erredakzioa
Athleticek Almeria jipoitu du. Javi Martinezek bi gol egin ditu, horietako bat benetan ikusgarria, eta Gabilondok eta Llorentek bana.
Javi Martinezek Athleticek Almeriaren aurka emandako erakustaldiaren (4-1) gidaria izan da bi golekin.
Athleticek erakustaldia eman du aurreneko 45 minutuetan, Almeria hankapean erabiliz. Talde zuri-gorriaren hasiera bikainak estatistiketan isla garbia du, sei korner-jaurtiketa eta zutoinen artean zazpi jaurtiketa egin baitituzte lehenengo zati erakargarrian. Eta noski, gol bi.
Lehenengoa 13. minutuan. Javi Martinezek sare barrura bidali du hegaletik egindako erdiraketa bat burukada eder batekin, Diego Alves bisitarien atezainaren hutsa baliatuta.
Bigarrena, Igor Gabilondok egin du 32. minutuan. Añorgakoa, dotore, beti bezala. Minutu batzuk lehenago, sekula huts egin ezin den abagunea izan du eta trakets, ez du gola sartu. Baina akatsa zuzendu nahian edo, zartako bikaina eman dio baloiari areaz kanpotik gol zoragarria eginez.
Gol gehiago egin ahal izan du Athleticek, horretarako aukera franko izan baititu. Argiena Fernando Llorentek izan du penalti puntutik. Clos Gomezek Toquerori egindako penaltia adierazi du eta aurrelari errioxarrak ez du asmatu hamaika metrora dagoen puntu madarikatutik.
Atsedenaldira, beraz, 2-0ekoarekin heldu da. Sari eskasa zuri-gorriek egindako lanarentzat.
Onena, baina, heltzear zen. Bigarren zatiaren hasiera lehenengoarena baino biziagoa eta ederragoa izan da. 49. minutuan, Javi Martinezek jardunaldiko gola egin du, eta agian, denboraldiko onena.
Javi Martinezen arte-lana
Erdilari nafarrak, metro karratu eskas batean, Almeriako atzelariak erotu egin ditu ondoren Diego Alves atezaina gaindituz. Messik horrelako gol bat sartuko balu, mundu osoko egunkariek goraipatuko lukete. Zoragarria benetan.
Bi minutu geroago, Llorentek partida erabakita utzi du. Hegaletik etorritako erdiraketa bat errematatu du errioxarrak, arratsaldeko laugarren gola eginez eta lehen zatian huts egindako penaltia ahaztuaraziz.
Golaren ondoren, Almeriak hobera egin du eta gola sartzeko adorea izan du. Piattik egin du kontraeraso bati amaiera ona emanda eta 4-1ekoa ezarriz.
Zuri-gorrien erakustaldiak hiru puntu eman dizkio taldeari eta, bide batez, Europarako bidea leundu.
Fitxa teknikoa:
4 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Koikili; Susaeta, Gurpegui, Javi Martinez (Orbaiz, 84. min.), Gabilondo (Yeste, 78. min.); Toquero (De Marcos, 68. min.) eta Llorente.
1 - UD Almeria: Diego Alves; Pellerano, Acasiete, Domingo Cisma; Michel, Bernardello, Guilherme (Piatti, 58. min.); Juanma Ortiz (Crusat, 79. min.), Vargas (Soriano, 58. min.), Corona; eta Goitom.
Golak: 1-0, 13. min.: Javi Martinez. 2-0, 32. min.: Gabilondo. 3-0, 49. min.: Javi Martinez. 4-0, 50. min.: Llorente. 4-1, 71. min.: Piatti.
Horrela bizi izan dugu partida eitb.com-en.