Athletic Club
Larunbatean San Mamesen
Toquero (Athletic-Getafe): "Getafe arriskutsua da oso erasoan"
Haritz Gallastegi
Lezama
Zuri-gorriek jakin badakite oso garrantzitusak direla talde madrildarraren kontra jokoan dauden puntuak. Caparrosek Molinonen zelairatu zuen hamaikako berberaren aldeko apustua egingo du.
Etxean sei garaipen jarraian eskuratzea lan gaitza da egungo futbolean. Baina aspaldian marka guztiak ontzea da Athleticen helburua. Zuri-gorriek erreskan irabazi dituzte Katedralean jokatu dituzten azken bost partidak, eta horrek, konfiantza eman die. Getafe mendean hartzea da epe laburrean duten hurrengo erronka. "Mallorcak eta Deportivok duten aldea murriztea lan gaitza da oso. Horregatik, ezinbestekoa da etxeko partidak irabaztea", esan du Toquerok.
Aurrelari zuri-gorria protagonista nagusia izan da Athleticek jokatu dituen azken neurketetan. Bere ohiko lanari eraginkortasuna gehitu dio erasoan. "Oso gustura nago egindako lanarekin. Arlo fisikoan indartsu ikusten dut nire burua", esan du jokalari arabarrak. Baina Toqueroren lanak ezer gutxirako balioko luke ingurukoek eurena egoki eta zuzen egin ezean. Egiari zor, talde zuri-gorria guztia ari da maila ona ematen. Hala ere, argi dute gogor egin beharko dutela lan Michelen taldea mendean hartzeko. "Getafek maila ona dauka baloia oinetan duenean. Erasoan kontuan hartzeko taldea da. Horregatik, erritmo bizian jokatu behar dugu lehen minututik", azaldu du Xabi Castillok.
Caparros gustura dago Athletic azken jardunaldietan ematen ari den mailarekin. Horregatik ez dauka aldaketarik egiteko asmorik. Okerrik ezean, Molinonen zelairatu zuen hamaikako berbera zelairatuko du Getaferen kontra.