Itxi

Athletic Club

Eraginkortasun gutxi

Javi Martinez: "Une garrantzitsuetan hutsegin ditugu penaltiak"

Haritz Gallastegi

Lezama

Aiegiko erdilariaren iriziz "konfiantza eta zorte" kontua da penalti jaurtiketen giltza. Bera prest agertu da jaurtitzeko.

Athletic ez da ondo ari penalti jarutiketetan. Lezamako lan saioetan garrantzia hartu duena ariketa izan arren, partida ofizialetan eraginkortasun gutxi ari da erakusten Caparrosen taldea. Ligan zazpitik lau hutsegin du. Ez da estatistika ona jaurtitzaileak abantaila duen jokaldi bat izanda. "Jaurtitzen duenak konfiantzarekin egiten du, baina ez gara zortea izaten ari. Beharbada herriko lagun batek sartu egingo luke eta kalitate handiko jokalari batek, berriz, ez du asmatzen", esan du Javi Martinezek.

Kontua da ez dela kasualitatea Athleticek penaltiak jaurtitzerakoan erakutsi duen gabezia. Azken denboraldiotan asko hutsegin ditu. Beraz, konpondu beharreko kontua da. Denboraldion, esaterako, puntu asko irabazteko aukera galdu dute. "Gure artean hitzegin dugu. Une erabakigarrienetan egin dugu kale. Puntuak irabazteko aukera genuenean, alegia".

Sasoia amaitu bitartean akats gehiago ez egitea da zuri-gorrien asmoa. Getaferen aurka, esaterako. Iraolak min du oraindik eskuin besoan, baina badauka aukera larunbatean jokatzeko. Gabilondo eta Iraizoz ere taldetik aparte entrenatu dira, baina ez dute arazorik izango jokatzeko. Castillo, berriz, etxean geratu da gastroenteritisak jota. Muniain eta Iturraspe ere ez dira lan saioan egon. Bigarren taldearekin entrenatu dira bihar Celta Bren aurkako partidan parte hartzeko. Bestalde, Koikili, Etxeberria eta Yeste normaltasunez entrenatu dira.