Itxi

Athletic Club

"Txapeldunen Ligakoa, zaila"

Orbaiz (Athletic): "Europako Ligarako txartela posible da"

Haritz Gallastegi

Lezama

Athleticeko jokalariak lehen aldiz mintzatu dira garbi zuri-gorriek denboraldi honetan duten helburuez.

Espainiako Liga une erabakiorrean sartu da. Bi hile pasatxoan amaituko da sasoia. Tarte horretan neurketa asko jokatu beharko dituzte taldeek –hiru jardunaldi aste barruan jokatuko dira-. Aldapa gogorra izango da, baina Athleticek ilusioz beteta ekingo dio. Ez da gutxiagorako. Zuri-gorriak aukera ona baitute datorren denboraldian Europan aritzeko txartela eskuratzeko. "Gertu gaude, baina ezin dugu azken pausu hori eman. Apur bat gehiago eman behar dugu", esan du Iraolak.

Europako Ligarako txartela eskuratzeaz jarduteko arazorik ez dute zuri-gorriek, baina Txapeldunen Liga urrun ikusten dute. Ez dira Caparrosen iritzi berekoak, beraz. "Postu horietan dauden taldeek abantaila ona dute eta goi mailakoak dira", adierazi zuen Iraolak. Orbaizek ere antzeko iritzi dauka. "Europako Ligarako sailkatzea posible da, baina gaitzagoa da Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzea", adierazi du erdilariak.

Athleticek emaitza onak eskuratu ditu denboraldion. Hala ere, asko dira zuri-gorrien jokoarekin pozik ez daudenak. Hala ere, puntuak pilatzen jarraituz gero ez dirudi aldaketarik egongo denik. "Futbolean emaitzek agintzen dute. Ez da erraza talde honi askoz gehiago eskatzea. Zaila da emaitza ona ematen duena aldatzea".

Arazoak ezker hegalekoan

Koikilik eta Castillok ezin izan dute taldearekin entrenatu. Bien parte hartzea kolokan dago, beraz, Caparrosek B plana ipini beharko du abian badaezpada. Muniain, berriz, osatu da eta prest dago taldera bueltatzeko.