Athletic Club
Prentsaurrekoa
Gurpegui: 'Zaleek berriro ere goza dezatela nahi dugu'
S.L. | eitb.eus
Nafarrak Malagaren kontrako partida aztertu du hedabideen aurrean. Illarramendiri buruz dakiten guztia, bestalde, "zurrumurruak" baino ez direla esan du.
-
Carlos Gurpegui, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Athleticek hil edo biziko partida jokatuko du Malagaren aurka ostegunean. Zuri-gorriak joko eta emaitza bolada kaskarrean dira Ligan, eta, horregatik, Kopan dute jarrita aurten itxaropena. Zaleei poza eman nahi diete.
Bilbotarrek Andaluziako taldea hartuko dute San Mamesen, Kopako final-laurdenetako itzulikoa jokatzeko. Rosaledan golik gabe berdinduta bukatu ondoren, kanporaketa Katedralean erabakiko da, 22:00etatik aurrera.
Carlos Gurpeguik prentsaurrekoa eskaini du gaur, eta "zaleek berriro ere goza dezatela" nahi dutela aitortu du. "Gauza txikiek erabakiko dute kanporaketa. Irabaztera atera behar dugu", gaineratu du.
"Egoerari buelta emateko garaiz gaude. Finalerdietarako txartela dugu helburu, eta dena eman beharra dago. Partidak irabazteak konfiantza ematen du", esan du.
Nafarra baikor agertu da, eta aurrera egingo dutela sinetsita dago: "Hobeto edo okerrago joka dezakegu, baina jarrera izan behar da gakoa. Saria iritsiko da, seguru".
Bestalde, Asier Illarramendiren balizko fitxaketari buruz dakiten guztia "zurrumurruak" baino ez direla esan du.
Irainik gabeko futbola
Irainen kontrako legediari buruz galdetu diotenean, honakoa esan du Athleticeko kapitainak: "Berandu dator niretzat, 14 urte daramatzat hau jasaten".