Itxi

Athletic Club

Zailtasunak

Jaitsiera, hiru puntura

Erredakzioa

Celtak Granada 2-1 hartu zuen mendean Balaidosen. Galiziako taldearen garaipenak Athleticen egoera asko okertu du. Zuri-gorriek 50 gol hartu dituzte dagoeneko, ia bi gol partida bakoitzeko.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Celtak Granada 2-1 hartu zuen mendean Balaidosen. Galiziako taldearen garaipenak Athleticen egoera ikaragarri larriagotu du; izan ere, talde bizkaitarrak jaitsiera postuekin zuen aldea erdira murriztu da, hiru puntura, alegia.

Ostiralean Realaren aurka San Mamesen galdu eta gero, Celtaren garaipena asteburuko albiste txar bakarra izan da zuri-gorrientzat. Mallorcak eta Deportivok porrot egin dute etxean, eta emaitza horiek Athletici lagundu diote.

Bi talde horiei Athletici gertatutako gauza bera pasa zaie, markagailuan aurrea hartu eta gero aurkariek norgehiagoka irauli diete.

Deportivori gertatutakoa ulergarria da; izan ere, Real Madril boteretsua zuen aurrean, baina Athleticek eta Mallorcak kale egin dute maila paretsuko taldeen aurka, Reala eta Getafe, alegia. Bi taldeen egoera kaskarraren berri ematen du datu horrek.

Marcelo Bielsaren taldea gero eta beldurtiago azaltzen da, eta fede gutxi duela argi utzi du. Jardunaldiak joan partidak etorri, Athleticek hanka-sartze berdinak errepikatzen ditu eta arazoak areagotu dira. Iragan denboraldiko taldearekin zerikusi handirik ez du aurtengo talde zuri-gorriak.

Gol falta eta ahultasuna atzealdean

Gol eskasiak eta defentsako ahultasunak Athletic zigortu dute denboraldi honetan. 25 norgehiagokatan 26 puntu bildu dituzte bizkaitarrek, eta bost talde soilik ditu atzetik. Jaitsiera postuak markatzen dituen taldea, Celta, hiru puntura dago bakarrik.

Ezin daiteke taldeaz askoz gehiago espero; izan ere, jasotako golen kopuruan marka historikoa ezarri behar dute bilbotarrek. Athleticek 50 gol hartu ditu dagoeneko, ia bi gol neurketa bakoitzeko, eta Ligako bigarren talderik txarrena da esparru horretan, azken sailkatuaren atzetik (56).