Alaves
21:00ETAN
Alavesek Leganesen erreakzioa eten nahi du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asier Garitanok bere talde ohietako bat izango du gaur aurrez aurre, hiru puntu baino gehiago balio dezakeen neurketa horietako batean.
-
Alaveseko jokalariak denboraldi honetako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Alavesek Leganesen bisita hartuko du gaur Mendizorrotzan (21:00), hau da, Asier Garitano entrenatzaile babazorroaren talde ohietako bat.
Madrildarrek jaitsiera postuetan jarraitzen dute; alabaina, Javier Aguirre mexikarrak taldearen ardura hartu zuenetik beste itxura bat hartzen ari da Leganes, eta azken jardunaldian garaipena erdietsi zuen Celtaren aurkako neurketan (3-2).
Neurketa hiru puntu baino gehiago balio dezakeen horietakoa da, biak ala biak hilabete batzuk barru salbaziorako borrokan murgilduta egon baitaitezke.
Alaves Mendizorrotzara itzuliko da. Arabarrak oso eroso aritzen dira etxean jokatzen duenean, eta horren adierazle da Sevillak eta Real Madrilek besterik ez dutela irabazi bertan.
Etxeko taldeak Tomas Pinaren hutsune garrantzitsua izango du, aste honetan bertan ebakuntza egin baitiote, peronea hautsi baitzuen Granadaren kontra. Mantxako erdilaria lau hilabetez egongo da zelaietatik kanpo.
Horrez gain, Wakaso Mubarak erdilariak eta Victor Laguardia atzelariak txartel gorria ikusi zuten neurketa berean, beraz, horiek ere ez dira jokatzeko moduan egongo.
Ondorioz, Asier Garitanok arazoak izango ditu hamaikakoa osatzeko, Manu Garcia eta Pere Pons baititu bakarrik zelai erdia osatzeko, kontuan hartuta Dani Torres kolonbiarrak eta Javi Muñozek ez dutela jokatu oraindik denboraldi honetan.
Kontrara, Ruben Duarte jokatzeko moduan egongo da, Granadako norgehiagokan bete baitzuen bost txartel horien zikloa.
Leganesi dagokionez, Celtari irabazi eta gero, atzean utzi zuen hirugarren jardunaldiaz geroztik sailkapenean betetzen zuen azken postua. Izan ere, Javier Aguirre iritsi zenetik, hobera egin du nabarmen taldeak, eta sentsazio onei jarraipena emateko helburuarekin bidaiatu du Gasteizera.
Nahiz eta mexikarrarekin hamabi puntu posibletik lau baino ez dituzten eskuratu, madrildarrek irudi ona eman dute Reala, Bartzelona eta Sevilla bezalako taldeen aurrean.
Dimitrios Siovas, Marc Navarro, Jose Luis Garcia del Pozo 'Recio', Guido Carrillo eta Alexander Szymanowski jokalarien bajak izango ditu neurketa honetarako Leganesek.
Balizko hamaikakoak:
Alaves: Pacheco, Aguirregabiria, Ximo, Ely, Duarte, Manu Garcia, Pere Pons, Vidal, Burke edota Rioja, Joselu eta Lucas Perez.
Leganes: Cuellar, Rosales, Bustinza, Awaziem, Tarin, Jonathan Silva, Ruben Perez, Roque Mesa, Oscar Rodriguez, Braithwaite eta En-Nesyri.
Epailea: Cesar Soto Grado.
Futbol-zelaia: Mendizorrotza.
Ordua: 21:00.