Itxi

Beste kirolak

Golardoa

Rahmek eta Putellasek Espainiako Kirol Sari Nazionalak jaso dituzte, 2021eko kirolaririk onenak izateagatik

EITB MEDIA

Barrikako golf jokalariak Estatu Batuetako Irekia irabazi zuen 2021ean, eta munduko sailkapeneko lehen postuan jarri zen, aurreneko aldiz. Rahmek ezin izan du ekitaldian izan, eta haren amak jaso du golardoa.

  • Jon Rahmek Augustako Mastersa irabazi berri du. Argazkia: EFE.

    Jon Rahmek Augustako Mastersa irabazi berri du. Argazkia: EFE.

Jon Rahm golf jokalariak eta Alexia Putellas futbolariak Espainiako Kirol Sari Nazionalak jaso dituzte asteartean, Madrilen, 2021eko kirolaririk onenak izateagatik. Rahmek Estatu Batuetako Irekia irabazi zuen 2021ean, bere lehen txapelketa nagusia, eta munduko sailkapeneko lehen postuan jarri zen, aurreneko aldiz. Barrikakoa ezin izan da saria emateko ekitaldian izan, eta, ondorioz, amak (Angela Rodriguez) hartu du golardoa haren izenean.

Jon Rahmek Felipe Erregea Saria jaso du, alegia, urtero Espainiako Estatuan gizonezko kirolaririk onenari ematen dioten saria. Euskal golf jokalaria bikain dabil; izan ere, bigarren txapelketa nagusia irabazi berri du, Augustako Mastersa, eta berriro dago munduko sailkapenaren lehen postuan.

Alexia Putellas Bartzelonako erdilariak, bere aldetik, Letizia Erregina eskuratu du, alegia, Espainiako Estatuko emakumezko kirolaririk onenarentzako golardoa. 2021ean urte izugarri ona izan zuen: Txapeldunen Liga irabazi zuen Bartzelonarekin, eta, horrez gain, Urrezko Baloia eta FIFAren The Best saria eman zizkioten. Azken bi sari horiek 2022an ere jaso ditu.

Espainiako errege-erreginak izan dira ekitaldian. Espainiako Kirol Sari Nazionalek lehian edo kirola sustatuz gehien nabarmendu diren pertsonak saritzen dituzte. Kirol Kontseilu Nagusiak (Espainiako Gobernuaren Kultura eta Kirol Ministeriora atxikita dago) 150 hautagaitza baino gehiago jaso zituen 2021eko sarietarako, inoizko kopururik handiena. Golardoak 1982an hasi ziren ematen.