Beste kirolak
Naturgas/BBK Transantartika
Aurreneko jardunaldia, uste baino gogorragoa
Erredakzioa
Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak hamar kilometro eta erdi egin dituzte espedizioaren lehenengo jardunaldian. 180 kiloko lerak narras eraman behar izan dituzte haizeak ez baitie lagundu.
-
Argazkia: BAT
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza Novolazarevskayako basetik hamar kilometro eta erdira daude aurreneko jardunaldia igaro eta gero. Luzorua egoera txarrean dago eta espedizioak 180 kiloko lerak narras eraman behar izan dituzte. Helburua Hercules golkora iristea da, Hego Poloa ibilbide berri batetik zeharkatuz.
"Jipoi galanta hartu dugu. 800 metroko garaieran aukitzen gara eta ezin izan ditugu kometak erabili haizeak gure ibilbidetik kanpora eramaten gintuelako. Lurzorua egoera txarrean dago negua gogorra izan dela esan baitigute eta horregaitik zulo handiak sortu dira. Lerak lurrean geratzen zitzaizkigun eta oso gogorra izan da aurrera egitea" azaldu du Mikel Zabalza arabarrak.
Bi hilabete egongo dira Antartidan Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza 180 kiloko lerekin muturreko egoeretan. Izotzez osatutako itsasoa zeharkatu beharko dute hiru mendizaleek eta eskalatzeko aukera ere izango dute.