Beste kirolak
HERIOTZA
Niki Lauda Bat Formulako pilotu ohia hil da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hiru aldiz izan zen Bat Formulako munduko txapeldun: 1975ean, 1977an eta 1984an.
-
Niki Lauda Bat Formulako pilotu izandakoa, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Niki Lauda hiru aldiz Bat Formulako munduko txapeldun izandakoa hil zen atzo, 70 urterekin, haren familiak ohar bidez jakinarazi duenez.
Austriarra 10 egunez ospitaleratuta egon zen urtarrilean, gripeak jota. Aurrez, 2018ko abuztuan biriketako transplantea egin zioten.
"Kirolari eta enpresari gisa egindako bere lorpenak ahaztezinak izango dira", azpimarratu du pilotuaren familiak. "Bere zintzotasuna eta ausardia jarraitu beharreko eredu eta erreferentzia dira gu guztiontzat. Senar, aita eta aitona maitekorra izan zen eta bere hutsunea sentituko dugu", gaineratu dute.
Laudak bi munduko txapelketa irabazi zituen Ferrarirekin (1975ean eta 1977an) eta hirugarren bat, ostera, McLaren etxearekin (1984). 1976an istripu larria izan zuen Nürburgring zirkuituan, baina erredura larriak izanagatik, zirkuituetara itzuli eta bere bigarren titulua irabazi zuen.
James Hunt pilotu britainiarrarekin norgehiagoka bizia izan zuen eta Rush filmaren oinarri izan zen.