Beste kirolak
Igandean
Bigarren parte-hartzerik handiena izango du Behobia-Donostiak
Agentziak | Erredakzioa
Ibilbidea aurreko edizioetako bera izango da. Hala ere, aurten, indarberritzeko bi gune jarri dituzte antolatzaileek, jaki solidoekin, ibilbide gogorrari aurre egiteko.
-
31.000 korrikalari baino gehiago bilduko ditu lasterketak aurten. Argazkia: Efe.
31.276 korrikalarik beteko dituzte igandean Behobia-Donostia lasterketako 20 kilometroak. Iazko parte-hartzearekin alderatuta, 3.000 pertsona gutxiagok eman dute izena. Hala eta guztiz ere, historiako bigarren parte-hartzerik handiena izango da igande honetakoa.
Iaz 33.948 lagunek eman zuten izena, 52 ediziotan izandako kopururik handiena. Emakumezkoen parte-hartzean ere marka guztiak hautsi ziren, 8.000 emakumek egin zuten lasterketa. Aurten, emakumezkoen portzentajea inoiz baino altuagoa da, % 23.
Datu guzti horiek Fortuna San Sebastian klubak, probako antolatzaileak, eman du, lasterketa lehiatzeko lau egun falta direnean.
Behobia-Donostiak aurreko edizioetako ibilbide bera izango du, eta antolatzaileek, korrikalarien lanari laguntzeko, indarberritzeko bi gune berri jarri dituzte, jaki solidoekin.
Horrelako erabakiekin, arriskuak murriztu nahi dituzte, 2015eko edizioan parte-hartzaile bat hil baitzen hego haize beroaren ondorioz.
Faboritoak
Garaipenari begira, azken hiru edizoetako bi garaile Donostian izango dira, 2013 eta 2014koak: Jose Carlos Hernandez eta Pedro Nimo. Emakumezkoetan, Raquel Gomez iazko garailea ere egongo da.
Eguraldiari dagokionez, iganderako haizea, euria eta tenperatura baxuak aurreikusita daude, eta horrek probaren gogortasuna areagotuko du.