Beste kirolak
Alpinismoa
Alex Txikon Lhotseko tontorrera heldu da
Erredakzioa
Bizkaitarra Lhotseko gailurrera heldu da Egocheagaren, Hamorren eta Colibasanuren atzetik, eta bere hamargarren 'zortzimilakoa' igo du.
-
Alex Txikon. Artxiboko argazkia: EiTB
Lemoako alpinistak bere hamargarren ‘zortzimilakoa’ igo du, Lhotseko gailurrera iritsi ondoren. Alex Txikon Egocheagaren, Hamorren eta Colibasanuren atzetik heldu da munduko laugarren mendi garaienaren tontorrera.
Bizkaiko kirolariak Lhotseko gailurretik Euskadiko lankideekin satelite bidez kontaktatu du, gaur 8:25ean. “Aupa, entzun ahal didazue? Bai? Non nagoen? Non egongo naiz ba: Lhotseko tontorrean, ja, ja”, esan du Txikonek pozik.
Ondoren, Lemoakoak igoera nola egin duen azaldu du: “Orain dela 20 minutu heldu naiz gailurrera. Oso gogorra izan da, hotz izugarriarekin, baina hau oso ederra da; jipoiak merezi izan du”.
Alex Txikonek, 45 minutu bere aurretik (7:15 inguru) Jorge Egocheaga Asturiaseko medikua, eta Horia Colibasanu errumaniarra eta Peter Hamor eslobeniarra tontorrera heldu direla adierazi du.
Bizkaitarrak Marco Confortola italiarrari 20 minutu itxarotea, eta ondoren 2. kanpamendura jaistea erabaki du. “Denboraz ondo gabiltza, hemen 12:15 inguru baitira. Hala ere, jaitsierarako ezin naiz gehiegi fidatu”, esan du Txikonek.
Arratiako alpinistak gaur arte bederatzi ‘zortzimilako’ igota zituen: Broad Peak (2003), Makalu (2004), Cho Oyu (2004), Shisha Pagma (2007), Daulaghiri (2008), Manaslu (2008), Annapurna (2010), Gasherbrum I (2011) eta GII (2011). Lhotse, bere hamargarrena bilakatu da.