Gertukoak
Lapurretak nola saihestu
Gabonak dira lapurreta gehien izaten diren garaietako bat
EUSKADI IRRATIA | Beñat Zamalloa Akizu
Lapurreten aurrean, nagusiak dira zaurgarrienak, eta Sestaoko Udaltzaingoak bi hitzaldi eskaini dizkie lapurretak nola saihestu eta egoera horien aurrean nola jokatu erakusteko
-
Sestaoko hitzaldia
3:09 min
Gabonak ate joka dira. Urtean zehar lapurreta gehien izaten diren garaietako bat ere bada. Hori dela eta, Sestaoko Udaltzaingoak bi hitzaldi eskaini dizkie nagusiei nola sahiestu eta lapurreten aurrean zein jokaera izan erakusteko. Izan ere, adineko jendea da zaurgarriena.
Aretoa lepo bete da Sestaoko nagusien etxean. Udaltzainburu ordeak hitza hartu aurretik, hari eta honi gertatutakoaz ari dira, norberari urrun barik, berriki, gertatutakoez gehienak. Izan ere, Gabonak hurreratu ahala hazten dira lapurretak ere.
Adinekoen kasuan, atariak baliatzen dituzte gehien lapurrek, egun. Bertan itxaronda ala aitzakiaren baten pean, aurrez aurre eta bakarrik direnean saiatzen dira ebasten. Hargatik atarian sartu aurretik, atarian ezezagunik ez dela eta atzetik inor ez datorrela ziurtatzea komeni. Behin etxean, hauek, udaltzainen aholkuak: atea zabaldu aurretik datorrena ezaguna dela ziurtatu, atea beti ondo itxi, eta etxez etxeko saltzaileei ez aterik ireki.
Neurri guztiak aintzatetsita ere, guztiak izan litezke urri. Hargatik, halako egoera bat egokituz gero, ez aurre egin, erasotzailearen itxura gogoratzen saiatu eta oihu egin, sokorri zaitzaten. Gertu udaltzainik edota ertzainik ez denerako mugikorrean larrialdietako eta lekuan lekuko udaltzaingoaren zenbakiak gordeta eta eskura izatea ere komeni.