Faktoria
LGTBfobiaren kontrako eguna
Iker Ibarretxe: “Lotsa ematen dit mikroak, baina herriak jakin behar du gertatu dena. Ez dut burua makurtuko”
Mikel Rotaetxe | EiTb Media
LGTBIQ+ komunitateko kide izateagatik eraso egin diotela salatu du Iker Ibarretxe zornotzarrak. Festa giroan jipoitu dute eta saihetsak hautsi dizkiote. “Beldur diot kalera irteteari, baina indartsu sentitzen naiz eta azkeneraino noa”.
-
Iker Ibarretxe Iñaki Guridirekin
16:44 min
Lagunarteko bazkari baten osteko festa-giroan egin zioten eraso Iker Ibarretxe zornotzarrari. Hernaniko sagardotegi batean bazkaldu zuen dozena bat lagun eta ezagunekin, Zarautzen egin zuten bazkalostea eta Zornotzan ibili ziren parrandan. "Giroa bikaina zen", azaldu du Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, "baina bat-batean irainka hasi zitzaidan gurekin bazkaldu zuenetako bat".
"Nik sua ikusi nuen bere begietan, gorrotoa", kontatu du, "eta lagun batekin urrundu nintzen arren, pertsona talde batekin azaldu zen ni jipoitzera". Ubeldurak eragin zizkioten eta saihetsa hautsi. "Erasoa ez dut ia gogoratzen; burmuina desaktibatu zitzaidan", azaldu du, "baina ondorengoa primeran gogoratzen dut". Salaketa jarri zuen polizia-etxean eta medikuaren partea egitean ohartu zen zaurien larriaz: "Eskerrak herri erdigunean gertatu zen… urrunago gertatu balitz ez dakit kontatuko ote nukeen".
"Herriko jendea da"
Iñaki Guridiren galderei erantzunez, Ikerrek nabarmendu du erasogileak "auzokoak" direla, herriko jendea: "herri txikia da hau, agian ez dakizkigu denon izenak, baina bai nor garen edo noren seme-alaba". Eta argi duen arren erasotzaileek ez dutela gizartea ordezkatzen, erantsi du "heziketa falta" dagoela LGTBI-fobiaren inguruan.
Ikerrek azaldu du "lotsa" eragin diola salaketaren bidea hartzeak, "protagonista" izatea mingarria delako, "baita amarentzat ere". Kaleari beldurra hartu diola onartu du eta apurka irtengo dela: "Lagunekin nagoenean lasai nago, baina bakarrik nagoenean beldurra dut, lotsagabe horiek kalean daude eta ezin jakin hasitakoa amaitu nahi ez dutenik".
"Indartsu sentitzen naiz eta azkeneraino noa"
Hautsitako saihetsak bizpahiru astetan osatuko zaizkio Ikerri, baina luze joko du gainontzeko guztiak. "Astiro joango da, baina indarrez sentitzen naiz, laguntza ikaragarria jaso dut eta azkeneraino noa". Eta argi du baduela ardura bat eskuartean: "Mikrofonoek lotsa ematen didaten, baina herriak jakin behar du zer gertatu den, LGTBI+ komunitateko herritar asko daude, gazteak… eta burua makurtzea ez da aukera bat".