Itxi

Faktoria

Lehen arretaz

M. Arzuaga: "Politikari eta goi karguak kontsultan nahi nituzke, zein baldintzetan ari garen ikusten"

MIkel Rotaetxe | EITb Media

Pandemiaren seigarren olatu betean, lehen arreta "hilzorian" ikusten du Mariaje Arzuaga medikuak, covid-19ak "dena irentsita", artatu beharreko gaixoak pilatuta eta, nekeak ahituta, profesionalen bajak areagotuta: "Ez gara heltzen; sendagileak behar ditugu".

  • Txertatzea

    Txertatzea

    18:03 min
imagen player
imagen player
imagen player

Osasun sistemako lehen lerroa da, herritarrok jo ohi dugun lehen atea. Eta koronabirus kutsatzeen seigarren olatuak, agerian utzi ditu, atzera, lehen arretaren egiturazko hutsuneak, eta, bi urte luze hauen ondotik, gainezka eta nekeak ahituta dauden osasun profesionalen ezina. Mariaje Arzuaga lehen arretako medikuak "Faktoria"n azaldu duenez, COVID-19ak areagotu egin du azken urteetako gainbehera: "Lehen arretan gauzek okerrera egin dute azken urteetan, eta pandemiak heriotza ekarri du". Bi urteko izurritearen ondotik osasun profesionalak "leher eginda" daudela azaldu du, bajak "areagotzen ari direla" eta ez dagoela norekin ordezkatu: "Jendeak ez du baldintza hauetan lan egin nahi, eta, bajak daudenean, gainontzekoen artean banatu behar ditugu pazienteak".

Udazkeneko ohiko jardunari covid-19ari erantsitako zereginak batu zaizkio, mediku eta erizain kopuru berari eutsiz: telefono bidezko artatzeak, txertoaren banaketa eta aztarnari lanak egitea. "Zeregin horiek guztiek zama areagotzen dute", esan du Arzuagak, "eta egunen batean paziente batekin egon ezin baduzu, hurrengo eguneko agendan egin behar diozu tokia, eta pilota handituz doa". Aztarnarien lanaz, lehen arretako medikuak nabarmendu du ez dela beren errua positibo eta haien kontaktuek deia berandu jasotzea: "arazoa ez da eurena, arazoa da jenderik ez dagoela". Era guztietako profesionalak falta direla esan du, eta argi esan du, amaitzeko: "Politikari eta goi karguak kontsultan nahi nituzke, ze baldintzetan ari garen ikusten".

Erizainak ere, gainezka

SATSE sindikatuko Maitena Larrañagak ere diagnostiko kezkagarria egin digu: "Udazkena da, gripearen kanpaina betean gaude, eta covid-19a dena irensten duen erraldoia da". Erozainak "erreta" daudela dio, "fisikoki eta mentalki ahituta". Herritarrei enpatia, konfiantza eta pazientzia eskatu die: "herritarrek uste dute osasun-zentroetan ez dugula ezer egiten, baina guztiz aurkakoa da, jenderik gabe ezinean ari garelako denera heldu nahian".