Itxi

Faktoria

Mertxe Aizpurua

"Gorrotoaren mezua areagotu egingo da topea jarri ezean"

Mikel Rotaetxe | EiTB Media

Madrilgo giro "toxikoak" guztia blaitu duela salatu du EH Bilduko Mertxe Aizpuruak eta VOXen aurkako osasun-hesia eskatu du. Martinez Almeidari erantzunez, dio: "VOX eta gu ez gaude plano berean".

  • Mertxe Aizpurua

    Mertxe Aizpurua

    22:25 min
imagen player
imagen player
imagen player

Espainiako gobernuko kideek jasotako heriotza-mehatxuen atzean "orokortutako giro toxikoa" ikusi du Mertxe Aizpurua Madrilgo Diputatuen Kongresuko EH Bilduren bozeramaileak: "Dena blaitzen duen egoerak ematen du mehatxurako bidea, eta gorrotoaren mezua areagotu egingo da topea jarri ezean". VOXen aurka osasun hesia egiteko premia ikusi diputatuak, eta salatu egin behar direla, irmo, "ultraeskuinaren mezua eta zuriketa". Jose Luis Martinez Almeida Madrilgo alkateak VOX EH Bildu baino "hobea" dela esateaz, Aizpuruak "Faktoria"n esan du alderdiak ez daudela inondik inora ere plano berean: "Jendeak badaki nolakoa den gure jarduera, eta hasieratik esan dugu Espainiak pedagogia antifasixta behar duela".

Osasun-krisiaz galdetuta, alarma egoera luzatzearen alde egin du: "Ez da inoren buruan sartzen maiatzaren 9an lege-babesik gabe geratzea, marko juridiko egokia behar da herritarrak babesteko".  Alarma egoera luzatu ezean, Aizpuruak baztertu egin du PPk berrikitan aurreratutako "B plana" babestea, ez dagoelako "zer adostu" orain arte "trabak" jarri dituztenekin.

Lan erreforma eta transferentziak

Lan erreformaren derogazioaz, EH Bilduren Madrilgo eledunak onartu du urratsak "nahi baino mantsoago" ari direla egiten, baina erantsi du, derogazio erabatekoa ezinezkoa izan arren, apurka "desarmatu" egin daitekeela. Espetxeen kudeaketa eskualdatzeari buruz galdetuta, Aizpuruak dio bidea erraztu beharko lukeela presondegietan politika "humanitarioagoa" indarrean sartzeko.