Faktoria
Denis Itxaso
'Europako epaia ikusita, onartu beharko da tortura salatu zutenek arrazoia zutela'
Justiziaren bidea errespetatzeaz gain 'enpatia ariketa bat' egin beharra dagoela adierazi du. Hala eta guztiz ere, ukatu egin du Estrasburgoko azken epaia Fernando Grande Marlaskaren kontrakoa denik.
-
Denis Itxaso
26:03 min
"Bizikidetzarako, enpatia gehiago erakutsi beharko genuke", adierazi du Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak eta torturari buruz ere ariketa hori beharrezkoa dela erantsi du. Iñigo Gonzalez Etayoren tortura salaketak ez ikertzeagatik Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiaz galdetuta zera erantzun du "Faktoria"n: "Bide juridiko bat eramaten denean eta Europan horrelako epai bat etortzen denean, Justiziaren bidea errespetatzeaz gain, onartu beharko da arrazoia zutela". Hala ere, Estrasburgo azken epai hori Fernando Grande Marlasakaren kontrakoa zenik ukatu du eta erantsi, lehengo epaile lanak eta oraingo ministro ardurak ez direla lotu behar.
Enpatia ariketa eskatu du, baita ere, ETAren biktimentzat eta ezker abertzalean "askotan" enpatia falta dagoela salatu du. Presoen "ongietorriak enpatia falta hutsa iruditzen zaizkit", esan du eta "iraganeko idealizazio publikoak egiten direnan iraganeko zauriak berriz ere irekitzen" direla gehitu. Itxasoren arabera gainera, preso horiek kartzela barruan bergizarteratzeko helburuz egin duten bidearen kontrakoak gertatzen dira askotan.
"Kogobernantza funtzionatzen ari da"
Politika eta kartzela gaietaz gain, Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko harremanaz ere mintzatu da Itxaso. Onartu du badirela tira-bira batzuk baina, orohar, "kogobernantza funtzionatzen ari dela" iritzi dio. Alde horretatik leundu egin ditu txertaketa kanpainari buruz Jaurlaritzari egin zizkion kritikak. Gaineratu du covid-aren bigarren dosia bermatu egin behar dela baina ez duela uste horrek Euskadi kaltetuko duenik.