Herriak eta Hiriak
Abenduaren 13an
Santa Lutzi feriak 414 postu izango ditu, Urretxun eta Zumarragan banatuta
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Denetariko produktuak egongo dira Santa Lutzi azokan. Gainera, nekazaritza tresnak, erakusketak eta lehiaketak hartuko ditu aurtengo edizioak.
-
2016ko Santa Lutzi azoka. EiTBren artxiboko irudia
2018ko Santa Lutzi ferian, 414 postu jarriko dituzte, Urretxun eta Zumarragan banatuta. Historikoki, abere azoka izan da Santa Luzia egunekoa, baina gaur egun era guztietako produktuak eskura daitezke bertan: baserriko produktuak, ganadua, gozoak eta artisautza.
Fruta eta barazki postuak. Argazkia: EITB
414 postu horietatik 263 jarriko dituzte Zumarragan eta 151 Urretxun. Salmenta postuetan, hainbat produktu erosi ahalko dira: frutak eta barazkiak, ahate produktuak, erroskillak, gaztak, esnekiak, hestebeteak, loreak eta landareak, ogiak, taloak, gozoak, turroiak...
Nekazaritzako tresnak eta makinak ere ikusi ahalko dira Santa Luzia eguneko azokan. Horrez gain, abere, errege sagar, fruta, barazki, ezti, oilasko eta kapoi lehiaketak egongo dira.
Aurreko urteetan Zumarragako Renfe parean jarritako artisau postuak Zelai Aristi frontoira eramango dituzte aurten.
2016ko azoka. Argazkia: EiTB
Bestalde, Arabako Errioxako ardoa dastatu eta antzarekin aritzen diren txakurrak lanean ikusteko aukera izango da. Oro har, egunean zehar izango da zer ikusi eta zer egin Urretxun eta Zumarragan, eta txistularien eta trikitilarien doinuek alaituko dituzte kaleak.
Kirol aukera zabala ere izango da: aizkolariak, harri-jasotzaileak, idi-demak eta Binakako Txapelketako pilota partidak, besteak beste.