Herriak eta Hiriak
Aste Nagusia
Donostiako Aste Nagusiari hasiera eman dio flamenko zaporedun kanoinadak
Agentziak | Erredakzioa
Sonakay musika-talde ijitoak 'Artillero, dale fuego' kantaren bertsio propioa egin du, zortzi eguneko jaiak abiatuz.
-
Donostiako kanoikada.
Sonakay Donostiako musika-talde ijitoa eta Helduak eta Asoleus elkarteak protagonista izan dira Donostiako Aste Nagusia abiatu duen kanoikadan. 'Artillero' kanta abestu ostean, kanoi hotsek hasiera eman diete zortzi eguneko jaiei.
Milaka lagun bildu dira Donostiako Udaletxe parean, larunbat honetako 19:00etan. Kanoikada aurretik, Los Bebes de la Bullak, Los del Gremio y Joselontxo´s eta erraldoien eta buruhandien konpartsak giroa alaitu dute. 19:00etan puntuan Sonakayk flamenko zaporedun Artilleroa abestu du, eta jarraian bertsio tradizionala dantzatu dute milaka herritarrek.
Eneko Goia Donostiako alkateak aste "alaia eta dibertigarria" opa die donostiarrei, eta adierazi du espero duela "gustatzen ez zaizkigun jazoerak ez gertatzea", eraso sexistei aipamena eginda.
Gaurtik hasita, datorren larunbatera arte, ia 500 ekitaldiz osatutako egitarauaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek eta bisitariek. Ekitaldi jendetsuenak su artifizialak eta kontzertuak izango dira berriro. Sagueseko agertokian Amaia Monterok, Marky Ramonek, Dviciok eta Jarabe de Palok joko dute.
Berritasunen artean gauero irtengo diren sei suzko zezenak daude. Xabier eta Benito Garatek egin dituzte zezen berriak, 11 eta 13 kilo artekoak. Ez dira faltako arte eszenikoak, dantza, gau zinema Ondarretan, adin guztientzako tailerrak, lehiaketa gastronomikoak eta kirol erakustaldiak.