Herriak eta Hiriak
Sanferminak 2018
Euria eta atzean geratu den zezen bat izan dira bigarren entzierroko protagonistak
Agentziak | Erredakzioa
Bost pertsona eraman dituzte ospitalera hartutako kolpeengatik, baina ez adarkaturik izan.
Atzean geratu den zezen bat izan da Iruñeko sanferminetako bigarren entzierroko protagonistetako bat. Horrez gain, euria egin du etengabe, eta horrek ere eragina izan du 2 minutu eta 56 segundo iraun duen lasterketan. Avilako Jose Escolar ganadutegiko zezenek hartu dute parte.
Zezen-taldea luzatuta joan da hasierako metroetan, ibilbidean arrisku handirik eragin gabe. Zezenak 2 minutu eta 22 segundotan iritsi dira plazara; atzean geratu denak, berriz, 10 segundo gehiago behar izan ditu heltzeko, eta ondoren, beste 24 zezentokira sartzeko. Izan ere, atzera egin du hainbat aldiz eta bitan irristatu da.
Euria dela eta lurra bustita zegoenez, korrikalari ugari erori dira. Horietako bat zezen-talde osoak zapaldu du Estafeta kalean. Dena den, lehen datuen arabera, ez da inor adarkadaz zauritu. Lau pertsona eraman dituzte ospitalera entzierroa amaitutakoan.
Debako 43 urteko gizon bat eraman dute, orkatilan kolpea izan duelako udaletxeko eremuan; Badajozetik etorritako 29 urteko gizon bat ere ospitaleratu dute, ezker sorbalda luxatu zaiolako Telefonica inguruan; toki berean, 45 urteko iruindar batek garezurrean kolpea jasan du; azkenik, New Yorkeko 40 urteko beste gizon bat eraman dute erietxera, Santo Domingotik buruan kolpea zuela. Azkenik, Zamorako Morales del Rey herriko 20 urteko neska bat ere artatu dute, kolpe arina zuelako.
Zezenek ibilbidea batera hasi dute
Animaliek elkarrekin egin dituzte entzierroaren lehen metroak, bi zezen buruan zirela. Mercaderes kaleko tartea ere berdin egin dute, apur bat gehiago luzatuta, eta bat atzetik zihoala.
Zezenek garbi igaro dute Mercadereseko bihurgunea, erori eta harresiaren aurka jo gabe, nahiz eta lurra bustita egon. Hala, taldea hautsi gabe egin dute aurrera Estafeta kalean.
Telefonicako tartetik pasa eta gero, zezenek plazako bidea hartu dute. Gune horretan, hainbat eroriko izan dira eskuineko aldean, baina zezenek ez diete jaramonik egin.