Itxi

Herriak eta Hiriak

2017ko Aste Nagusia

Lehertu da festa Donostian, ohiko kanoikadarekin

EITB.EUS

Aurten ez dute jaiei hasiera emateko erabili ohi duten kanoi bera erabili, izan ere, horrek ez du indarrean dagoen araudia gainditu. Hala, Eibarrek utzitako beste kanoi bat erabili dute.

1:19

Larunbat arratsalde honetan jaia lehertu da Donostian. Eguraldia lagun izanda milaka pertsona hurbildu dira Alderdi Eder ingurura, eta, urtero bezala, kanoikadaren burrunbaren ondotik zortzi egunez luzatuko dira donostiarrek urtean gehien espero dituzten jaiak. Alabaina, aurten ez dute Donostiako Aste Nagusiari hasiera emateko urtero erabili izan ohi duten kanoi bera erabili, izan ere, horrek ez du gaur egun indarrean dagoen araudia gainditu, eta Eibarrek utzitako beste kanoi bat erabili behar izan dute, 'Marruco' izena duena.

Dena dela, ohikoa den legez Luis Mocoroak (Donostiako Gastronomia Elkarteko Artilero Nagusiak) jaurti du kanoikada 19:00etan, azken bi hamarkadetan egin duen bezalaxe. Hala, jai-egitaraua osatzen duten 400 ekitalditik gora garatzen hasi dira jada.

Aurten, Easo Koroaren Eskolaniak eta Kresala Elkarteko ordezkariek abestu dute "Artillero" abestia, lehenengoaren 25. urteurrenean eta bigarrenaren 50.ean, hain zuzen ere.

Gaurtik hasita jarduera desberdinez beteriko zortzi egun espero dira Gipuzkoako hiriburuan. Zehazki, 28 kokapenetan banatutako 460 jarduera antolatu dituzte orotara. Gainera, aurtengo berrikuntza bat Amara, Gros edota Antiguo auzoek festetan izango duten garrantzia da.

Besteak beste, herri-kirolek, kale-antzerkiek, kontzertuek, su artifizialek, jolasek, haurrentzako jarduerek eta lehiaketa gastronomikoek hartuko dute hiriburua abuztuaren 12tik 19ra bitartean. Donostiako Aste Nagusian ongi pasatzeko aukera ugari egongo dira, eta, helburu horrekin, jarduera desberdinak prestatu dituzte.

Berrikuntzen artean, gauez egingo den lasterketa bat, erraldoi eta buruhandiek osatutako konpartsa ?ibiltaria?, gorrak diren edo entzumen-urritasuna duten pertsonei zuzendutako zinema emanaldiak Ondarreta hondartzan eta emakume arraunlariek Urumea ibaian egingo dituzten estropadak nabarmendu daitezke.

Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu duenez, Aste Nagusian "festa betean" murgiltzeko "hiritar guztientzat gustukoak izan daitezkeen jarduerak" prestatu dituzte. Hala, "errespetuan eta bizikidetzan" oinarritutako jaien alde agertu da, "ahalik eta hoberen igaro ahal izateko". Era berean, eraso sexisten kontra azaldu da, eta "guztioi kezkatzen gaituen gaia" dela nabarmendu du. Halaber, "pertsona oro ongi etorria" izango dela ziurtatu du.

Piratak

Bestalde, Donostiako Piratek egitarau zabala prestatu dute 2017ko Aste Nagusi Pirataz gozatu ahal izateko. Urtero bezala, jarduera desberdinak antolatu dituzte. Adibide gisa, Donostiako Piraten abordatzea edota La Flamenkan izango diren kontzertuak (Besteak beste, Gatibu, Las Tea Party, Lauroba edota Willis Drummond).

Sara Majarenas presoa eta haren alaba izan dituzte gogoan piratek, eta ama-alaben izenean, Sararen ahizpak, Haizea Majarenasek, jaurti du Donostiako Piraten suziria; presoak bidalitako mezua zabaldu du festei hasiera emateko, eta sexu-erasorik gabeko jaien alde egin du.

Abuztuaren 19an, Aste Nagusiari agur esateko ordua iristen denean, ekitaldi ?berezi? bat prestatu dute. Lau jarduera desberdinek osatuko dute itxiera ekitaldi hori, eta, horietako bat, Zuloaga Plazan garatuko da eta Agur Asteari izena izango du. Gainera, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren beste ekitaldi bat egongo da Konstituzio plazan. Hala, Kontxako badian su artifizialak eta musika lotzen dituen ekitaldiarekin bat egingo dute.