Herriak eta Hiriak
Sabino Arana kalean
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, banku batean lapurtzen saiatzea egotzita
Agentziak | Erredakzioa
09:00ak aldera jaso du Ertzaintzak Sabino Arana kalean izandako lapurreta saiakeraren abisua. Gaizkileak itxurazko pistola bat erabili du langileei mehatxu egiteko.
59 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak asteazken honetan Bilbon, itxurazko pistola batekin banku batean lapurreta egiten saiatzea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, langileei mehatxu egin die gaizkileak.
09:00ak aldera jaso du Ertzaintzak lapurreta saiakeraren abisua, eta inguruan zebilen patruila bat Sabino Arana kalera hurbildu da.
Gaizkilearen deskuidu baten ondorioz, bertako langileek kalera irtetea lortu dute. Aurretik, ordea, gainean zeraman gezurrezko pistolarekin mehatxu egin die gizonak, bertan zuten diru guztia eman ziezaioten.
Orduan, lekura hurbildu diren ertzainek berehala inguratu dute eremua, eta bankuan lapurra bakarrik zegoela baieztatu dute.
Ertzainak barrura sartu direnean, gizona atxilotu dute, eta itxurazko pistola batekin mehatxu eginez banku batean lapurreta egiten ahalegintzea leporatu diote.