X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Kanpainaren amaiera

Erakundeek aldaketa politikoan parte hartzea bermatuko du Bilduk

Pello Urizarrek aurreratu du koalizioak alderdien mahai bat sortuko duela hauteskundeen ostean, Euskal Herriko etorkizuna hizpide.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Urizar Bilduko buruzagiak adierazi du hauteskundeen ostean koalizioak bermatu egingo duela euskal erakunde guztiek konpromisoa hartzea "aldaketa politiko eta sozialaren aldeko estrategiarekin".

Bilduk Donostiako Konstituzio Plazan egin du hauteskunde-kanpaina ixteko ekitaldia, eta bertan, Urizar ez ezik, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusigaia ere izan da.

Ekitaldia bukatutakoan, hautagaiak eszenatokira igo dira, eta jarraitzaile guztiek "Eusko Gudariak" abestu dute.

Hitzaldian, EAko idazkari nagusiak esan du Bilduk igandean lortuko dituen "milaka botoen ondorioz", alderdi politiko guztiek koalizioarekin hitz egin beharko dutela.

"Hori aprobetxatu egingo dugu alderdien arteko mahai bat sortzeko, bazterketarik gabe, mugarik gabe eta inposatutako agendarik gabe Euskal Herriaren etorkizunaz eztabaidatzeko", gaineratu du.

Bere aldetik, Martin Garitano M-15 mugimendukoei zuzendu zaie, eta euskal herritarrek haien aldarrikapenak "oso ondo" ulertzen dituztela esan die. Izan ere, euskal herritarrek "hamarkadak" daramatzate "Espainiako Estatuak herri honi inposatu dion harresi antidemokratikoa botatzen saiatzen".

"Guk, Puerta del Solen kanpatuta zaudetenok bezala, demokraziaren harresiak bota nahi ditugu", nabarmendu du.

Garitanoren esanetan, Bildu ez da "komenentzia-ezkontza", baizik eta "familia askotarikoa", "bihotz bakarrekoa", eta ez "bi arima" diruena, EAJk esan zuen bezala.

Bilduko hautagaiak EAJk "engainatu" egingo dituela ohartarazi die alderdi horretako boto-emaileei, "egingo duen lehen gauza" Madrilera joan eta PSOErekin beste itun bat sinatzea izango baita.

Garitanok adierazi du egungo egoera pertsona askori esker lortu dela, eta independentziaren alde "dena" eman zutenak gogora ekarri ditu. "Ohore kapitain zaharrak, ontziak itsasoan daude", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea