X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

Saenz de Santamaria: 'Ziklo aldaketa batean gaude'

PPren Kongresuko bozeramaileak salatu du "pentsioak ukitzea" demokraziaren historian egindako "murrizketa sozial handiena" izan dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soraya Saenz de Santamaria PPren Kongresuko bozeramaileak adierazi du igandeko hauteskundeen ostean "ziklo aldaketa" izango dela bere alderdiaren alde, eta "pentsioak ukitzea" demokraziaren historian jazotako "murrizketa sozial handiena" izan dela salatu du.

Saenz de Santamaria Gasteizen izan da asteazken arratsaldean, Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentearekin, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusigaiarekin, Javier Maroto Gasteizko alkategaiarekin eta Alfonso Alonso Arabako PPko buruarekin batera.

Adineko 650 pertsonaren aurrean egindako hitzaldian, PPren Kongresuko bozeramaileak esan du herritarrek bere alderdiak irabaztea nahi dutela, enplegua sortzen baitu, pentsioei segurtasuna ematen baitie eta ekonomia suspertzen baitu. PSOE, aldiz, kontrako adibidetzat jo du.

PPko eledunak pentsioen izoztea izan du hizpide, eta sozialistek besteek ordaintzea nahi dutela kritikatu du.

Santamariak berretsi du ezin dela PSOEn konfiantza izan, ez baitu "bete" promestutakoa, eta "demokrazian egin daitekeen murrizketa sozial handiena" egin duela nabarmendu du, hots, "pentsioak ukitzea".

Antonio Basagoitik ere pentsioak aipatu ditu, eta Zapaterok 36 euro hilean murriztu dituela gogorarazi du. Halaber, EAJren kolaboraziorik gabe murrizketa hori ez zuketela onartuko azpimarratu du.

Alfonso Alonsok esan du azken zortzi urteetan "Espainiako historiako Gobernu txarrena" izan dela, eta, besteak beste, Toledoko Ituna haustea eta argindarra % 40 garestitzea leporatu dio PSOEri. Hori bai, "EAJk Madrilen babesa emanda".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea