AEB-ko Hauteskundeak -

Hauteskunde-kanpaina

AEBetako 2012ko hauteskundeak: inoizko garestienak

Hauteskunde-kanpaina honetan hilabete batean 100 milioi dolar baino gehiago biltzea lortu du lehen aldiz Alderdi Demokratak. Hala ere, marka guztiak hausten ari dena Alderdi Errepublikanoa da.

Demokraten kanpainak 100 miloi dolar baino gehiago bildu ditu abuztuan. Argazkia: EFE
Demokraten kanpainak 100 miloi dolar baino gehiago bildu ditu abuztuan. Argazkia: EFE
Demokraten kanpainak 100 miloi dolar baino gehiago bildu ditu abuztuan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilabete bakarrean, eta hauteskunde kanpaina honetan lehen aldiz, 100 milioi dolar baino gehiago biltzea lortu du Alderdi Demokratak. Hala ere, diru-bilketari dagokionez marka guztiak hausten ari dena Alderdi Errepublikanoa da. Diru-bilketa globala kontuan hartuta, AEBetako hauteskundeen historian garestiena bihurtu den kanpaina honetan, demokratei aurrea hartu diete errepublikanoek, Super-Pac deritzon aktibista taldeek egindako diru-emateei esker.

Abuztuan zehar, 114 milioi dolar (89,1 milioi euro) bildu ditu Barack Obamaren hautagaitzak, Mitt Romneyk hilabete berean bildutako 111 milioi dolarreko bilketa (uztailean baino 7 milioi gehiago) gaindituta. Bi hilabete eskas falta dira Presidentetzarako hauteskundeak izateko, eta diru-bilketari dagokionez azken hilabeteetako joera geldiarazi du lehen aldiz Obamak, azken hilabeteetan Obamak baino diru gehiago bildu baitu Romneyk.

Alderdi Demokratak 137.000 diru-emaile berri lortu dituela azpimarratu du Jim Messinak, kanpaina demokrataren koordinatzaileak, eta diru-emateen batez bestekoa 58 dolar (45 euro) ingurukoa dela gaineratu du. Orokorrean, diru-emaileen % 98k 250 dolar baino gutxiagoko diru-emateak egiten dituzte.

Diru-emate txikien bila

AEBetako hauteskundeen historian lehen aldiz SMS bitarteko diru-emateak onartuta hauteskunde-kanpainarako dirua biltzeko finantzaketa eredua irauli du Obamaren kanpainak. Erabaki iraultzaile horri esker, diru-emate txikiak egiteko aukera izango dute herritarrek, dirutza handiak ematera behartuta egon gabe.

Zenbait muga dituzte SMS bidezko diru-emateek, adibidez: gehienez mezu bakoitzeko 10 dolar eman daitezke, hilean 50 dolar, eta, guztira, 200 dolar kanpaina bakoitzeko. Enpresek, atzerritarrek eta 18 urte baino gutxiago dutenek debekatuta dute dirua ematea.

Dirua biltzeko proposamen berritzaileak egiten jarraitu du demokraten kanpainak; besteak beste, finantzaketa kolektiboaren aldeko apustua eginez. Diru-emate txiki baten truke, "ordainsari" bat jasotzeko aukera izango du diru-emaileak. Mezuen bidez 5 dolarreko diru-ematea egiteko eskatu zien Obamaren kanpainak jarraitzaileei, eta, horren truke, Obama presidentea eta Michael Jordan ezagutzeko zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute diru-emaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea