Hauteskunde Orokorrak -
Mezuak hedatzeko kanala
Podemosek jarraitzaileei mezuak bidaltzeko erabiltzen zuen kontua itxi du WhatsAppek
Juanma del Olmo Komunikazio idazkariak beste alderdiekin gauza bera ez egitea kritikatu du. Erabiltzaile guztiekin estandar berdinak erabiltzen dituela azaldu du WhatsAppek.
Agentziak | Erredakzioa
Juanma del Olmo Podemoseko Komunikazio idazkariak salatu duenez, alderdiak 50.000 bat jarraitzailerekin "komunikatzeko" erabiltzen zuen kontua itxi du WhatsAppek. Gertatutakoa "oso larritzat" jo du Podemosek, eta auzia Hauteskunde Batzorde Zentralera eramatea ikertzen ari da.
Kontua ixtea "diskriminazio konponezina" da alderdi morearentzat, esan dutenez, beste alderdiek hauteskunde mezuak transmititzeko WhatsApp erabiltzen jarraitzen dutelako. PSOEk eguerdian RTVEko hauteskunde eztabaidari buruzko inkesta bat bidali duela jarri du adibidetzat alderdi moreak.
Del Olmok azaldu duenez, WhatsAppeko jabea den Facebookeko egoitzara joan dira arazoa konpontzen saiatzeko, baina ez dituzte hartu. Burofax bat bidali diote enpresari.
Adierazpen batean, erabiltzaile guztiei, "mundu mailan", estandar berdinak ezartzen dizkiela azaldu du WhatsAppek, eta terminoak eta erabilera baldintzak "esplizituak" direla: "ez dute mezularitza masiboa eta mezuak automatizatzeko bitarteko programak erabiltzea onartzen". Podemosek, "bitartekaritza erreminta" hori erabiltzean, ez omen ditu arau horiek bete.
Enpresak debekatzen dituen ekintzen artean daude "mezu baztergarriak, automatikoak edo masiboak" bidaltzea, "difusio zerrenden gehiegizko erabilpena" edo berezkoak ez diren "kontaktu zerrenden erabilpena".
Del Olmok azaldu duenez, Podemosek WhatsAppen kontua sortu zuenean sareen kudeaketa taldeak erabilpen baldintzetan "aurreikusitako tramite guztiak bete zituen", "berariaz eta ezarritako moduan Podemosen kontuen egiaztapena eskatuz".
Informazioa bide horretatik jasotzen duten erabiltzaile guztien adostasun adierazia dutela esan du Komunikazio idazkariak, eta erabiltzen duten zerbitzua beste alderdiek erabiltzen duten berbera dela, eta "WhatsAppekin bitartekari lanak egiteko erreminta bera" dutela.
Azaldu duenez, Podemosek WhatsAppek jarritako mugak gainditzen ez dituztela bermatzen duen automatizazio programa bat erabiltzen du, aplikazioaren arauak betetzeko. Hedapen kanal horretan 50.000 "boluntario eta sareetako aktibista" baino gehiagok eman dute izena.
Beste alderdiekin gauza bera zergatik gertatu ez den galdetu du Del Olmok. Esan duenez, software berbera erabiltzen dute. Kritikatu duenez, egindako kaltea, kanpainaren azken astean, "konponezina da".