EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Hauteskunde osteko itunak

PSEk eta PPk ere ez dute EH Bilduren bilera-sortan parte hartuko

PSE-EEk ez dio zentzurik ikusten, eta PPk eta UPyDk ETA gaitzestea eskatzen dute aurrebaldintza gisa.

EH Bilduko kideak. Argazkia: Efe
EH Bilduko kideak.
EH Bilduko kideak. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEk, PPk eta UPyDk ez dute parte hartuko Euskal Herria Bildu (EH Bildu) koalizioak krisi ekonomikoaz, bakegintzaz eta subiranotasunaz hitz egiteko hasiko duen bilera-sortan. Sozialistek ez diote zentzurik ikusten EAJ berea egiten ari den bitartean egiteari, eta PPk eta UPyDk ETA gaitzestea eskatzen dute aurrebaldintza gisa.

EH Bilduk asteburuan iragarri du bilera-sorta egiteko asmoa duela alderdi politikoekin, Legebiltzarrean ordezkariak lortu ez dituztenekin ere bai, eta baita sindikatu eta beste eragile sozial eta ekonomiko batzuekin.

Sozialistek baztertu egin dute horrelako ekimen batean parte hartzea, izan ere, "ez du inolako zentzurik EAJk, hauteskundeen irabazlea den heinean, bilera-sorta bat abian duenean. Beste gauza bat izango da gai eta neurri zehatzen inguruan hitz egiteko eta eztabaidatzeko garaia iristen denean".

PPk eta UPyDk ere uko egin diote bilerari. Anton Danborenea PPren EAEko bozeramaileak esan du ez dutela "ezer Bildurekin hitz egiteko" ETA gaitzesten ez duen bitartean. Gainera, bilerak are zentzu gutxiago omen du bakegintzaz edo subiranotasunaz hitz egiteko baldin bada.

Jarrera bera du UPyDk. Gorka Maneiro legebiltzarkideak iragarri du ez direla EH Bildurekin elkartuko ETA gaitzesten duen arte.

EAJ ez dute gonbidatuko

EH Bilduko iturriek diote hasiera batean behintzat ez dutela EAJ gonbidatuko, bilera-sortaren helburua gainerako partiduekin, Legebiltzarrean sartu ez direnekin batez ere, eta eragile sozial eta ekonomikoekin biltzea delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea